Jorge, Eric, Chuky, Oscar eta Txiki bostekoarekin hasi genuen partida. Baloia jokoan jarri eta bi minutura, Chukyk kontrolatutako mugimendu batekin asmatuta, ezker hegaletik gainditzen zuen atezaina arratsaldeko lehena sartzeko (1-0). Beti bezala, ezinbestekoa markagailua irekitzea gugan sinesten hasteko. Ondo geunden, eta nabari zen. Defentsan ere lan ona egiten ari ginen, baloi bakoitza borrokatzen, bat bera ere barkatuko ez genuela erakutsita. Utzikeria txiki batek gure ametsa zapuztea eragin zezakeen.
Bien bitartean, San Juanek berezko intentsitate horri eutsi zion, eta berdinketa lortzeko zorian egon zen behin baino gehiagotan hainbat hurbilketa arriskutsuekin. Horren aurrean, gureek ondo eusten zioten. Atsedenaldirako minutu bat falta zenean, ordea, bisitariek berdinketa lortu zuten Jorgeri eskuetatik ihes egin zion jaurtiketa batekin (1-1). Borrokan jarraitu beharra zegoen. Orduan, segundo batzuk geroago, Chuky berriro agertu zen beste gol batekin erantzuteko, pista-erdian egindako lapurreta baten ondoren (2-1). Horrela iritsi zen atsedenaldia. Nolako zirrara eta tentsioa!
Aldageletatik itzuli ondoren, Txiki, Eric, Oscar, Chuky eta Jorgerekin hasi ginen. Jokoan zegoen guztia kontuan hartuta, estuegia zen emaitza, eta horrelako aurkari arriskutsuaren aurrean aldea handitzeko beharraz jabetuta, Chukyk zuzendutako kontraeraso batean gola sartzeko zorian egon ginen. Bigarren zutoinera iristen zen Txiki, baina gora joan zen baloia. Gero, San Juanek zutoina ukitu, eta mehatxuka jarraitu zuen. Era berean, bigarren zatiko aukerarik argienetako bat izan genuen eskuartean. Juaristik oso azkar gidatu zuen jokaldia, presio-irteeran jarritako atzelariak gaindituta. Pista erdira iritsita, Boliri pasatzen zion esferikoa, eta honek Txikiri, area barruan. Azken metroetan asmatzea bakarrik falta izan zitzaigun.
Bigarren zatiko 15. minutuan, San Juanek berriro jarri zuen berdinketa (2-2). 2-2koarekin, 5eko jokoa aukeratu zuen gure entrenatzaileak. Horri esker, 20 segundo geroago, Juaristik Chukyri utzi zion baloia ezker hegalean, honek atera bota, defentsak baloia urrundu, gure kapitainak baloia berreskuratu eta taldea aurretik jartzea lortzen zuen (3-2). Belabieta osoa zutik gureak inoiz ez bezala babesteko!
Hurrengo minutuan, Iker Tororen taldeak, hau ere 5eko jokoarekin, berriro erantzun zuen garaipenak ihes ez egiteko (3-3). Hala ere, amaierarako 1:38ra, Chukyk berriro lortu zuen hainbeste behar genuen hura, area ertzetik jaurtita (4-3). Berriro gora marea morea! Bada, ez zen gutxiagorako! San Juanek 5eko jokoari eutsi zion amaierara arte, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta garaipenarekin, inoiz ez bezala egin genuen oihu: "2B mailakok gea!".
Han ginenok bakarrik deskriba dezakegu larunbat arratsaldean Belabietan bizitako emozioa eta euforia. Klubeko Zuzendaritza Batzorde osoaren izenean, eskerrak eman nahi dizkiegu zaleei denboraldi osoan zehar, bereziki azken jardunaldi honetan, baldintzarik gabe emandako laguntzagatik. Ez gara nekatzen errepikatzen ezinbestekoak zaretela, eta zuek gabe ez litzatekeela berdina izango. Eta ez dago ezer hoberik denboraldiko azken kronika gure entrenatzailearen hitz berezi hauekin ixtea baino: “Gogorra bada, min ematen badu, zure gaitasuna zalantzan jartzen badu, kezkatzen badu, une batez gainditzen bazaitu, axola zaizu. Fedea, erantzukizuna eta ohorea denboraldi txar bat gainditzeko, eta laguntza ematen dizuten pertsonei dena eman zenuela erakusteko”.
Goazen Ibarra! Goazen Lauburu!