Goazen Lauburu! Goazen Ibarra!

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2022ko mai. 6a, 18:51

Larunbatean, AD San Juan talde nafarra hartuko dugu Belabietan, 21-22 denboraldiko azken jardunaldia izango den horretan. Partidaren orduari dagokionez, RFEFetik jakinarazi zuten 18:30ean izango zela ordutegi bateratua, Bigarren Mailara igotzeko Play Off-etarako eta Espainiako Txapelketarako/Errege Koparako sailkapenean eragin zuzena duten partida guztietarako, baita jaitsierako postuak erabakiko dituen horientzako ere.

Ondorioz, egoera horretan dagoen talde bakar batek ere ezin izango du emaitzak aldez aurretik ezagutzeko onura izan. Aurten, harrigarria bada ere, azken jardunaldian soilik aplikatu da ordutegi bateratua ezartzeko araua (historikoki azken bietan egin izan den arren). Horri esker, asteburu honetan, aurreko astean bizitako zentzugabekeria saihestuko da.

Aurkariari begira, aspaldiko ezaguna dugu AD San Juan, eta, Juaristik atarikoan adierazi duen bezala, euren aurkako partidak beti dira “oso lehiatuak”. Iker Tororen taldeak denboraldi oso ona egin du, eta aurreko astean igoerako play off postua ziurtatu zuten. Jokatutako 29 jardunaldietatik 15 irabazi dituzte, 8 berdindu eta 6 galdu. Horrela, 53 puntu pilatuta, hirugarren postuan kokatu dira. Hala eta guztiz ere, badakigu postu horri ihes egiten ez uzteko asmoarekin bisitatuko gaituztela.

Larunbatean 2. B maila baino askoz ere gehiago dago jokoan; izan ere, herri bateko ilusioa mantentzen jarraitzea ere dago arriskuan. Deialdiari dagokionez, dakizuenez, Christian izan ezik, Villalbaren aurkako partidan txartel gorri zuzena jasotzeagatik ezingo baitu jokatu, beste jokalari guztiei deitu die gure entrenatzaileak. Euskal Ligako jokalarietatik Marcos, Ekain eta Iker izango dira borroka garrantzitsu honetan lagun izango ditugunak. Denak aritu dira gogor lan egiten aste osoan, eta oso argi daukate: dena emango dute. Aitzakiarik gabe. Kontzentraziorik handiena eta konfiantza, aurrera egitea soberan merezi duen taldea garela erakutsita.

Zalantzarik gabe, aspaldiko egoerarik zailenetako bati egin behar diogu aurre. Horregatik, inoiz baino gehiago, Belabieta indar morez bete behar dugu. Helburu horrekin, doakoa izango da sarrera. Horrez gain, kiroldegira morez jantzita etortzeko deialdia egin nahi dugu klubetik, taldeari batasuna erakusteko. Helburua lortzen badugu, beti gogoratuko dugu 21-22 denboraldiko azken zatia gogorra baina aldi berean berezia izan zela. Elkarrekin lortuko dugulako! Goazen Lauburu! Goazen Ibarra!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!