Entrenamendu saio guztiak amaitu ondoren, Espainiako Txapelketak heldu ziren. 12 urtez azpiko Selekzioak apirilaren 4tik 8ra bitarte Almerian jokatu zen txapelketan hartu zuen parte. 14 urtez azpikoa, berriz, Tarragonara joan zen apirilaren 11tik 15era eta, azkenik, 16 eta 19 urtez azpikoak Chiclana de la Fronterara joan ziren, elkarrekin, apirilaren 17tik 24ra. Emakumezkoen 14 urtez azpikoei dagokienez, ez dute txapelketarik izan, eta helburua izan da datorren urteari begira talde dinamika barneratzea.
Hona hemen 2021-2022 denboraldiko deialdien laburpen txiki bat:
Gizonezkoen 12 urtez azpikoa: Xuban Otaegi, Aiur Navas, Ekhi Lasa
Gizonezkoen 14 urtez azpikoa: Iraitz Iraola, Mikel Jauregi, Oihan Lopetegi
Emakumezkoen 14 urtez azpikoa: Irati Amondarain, Naia Telletxea, Iraide Alijostes, Araia Bengoetxea, Nahia Lopetegi
Gizonezkoen 16 urtez azpikoa: Ekain Tejeria, Adur Paz, Urko Zubeldia, Alain Garcia, Unai Rodriguez, Beñat Jauregi
Gizonezkoen 19 urtez azpikoa: Eñaut Gil, Marcos Alonso, Beñat Irazustabarrena, Iker Sanchez, Ekain Goikoetxea
Selekzioak deitutako jokalari gehien dituen kluba izanik, oso harro sentitzen garela adierazi nahi dugu. Izugarri merezi du oinarritik egiten dugun ahaleginak, gure jokalariak teknikari kualifikatuenen esku utzita. Zorionak denei!
Hala ere, euskal areto futbolarekin ere nolabaiteko autokritika partekatu nahi dugu. Badakigu urte zaila izan dela, eta pandemiaren ondorioz programatutako selekzioen estatuko txapelketa asko bertan behera geratu direla. Baina, hain zuzen ere horregatik, denboraldi osoan klubak zipriztindu dituen zailtasunagatik, selekzioen esparruan muga eta arau jakin batzuk jarri beharko liratekeela uste dugu.
Besteak beste, komenigarria litzateke prestaketa-aldian klub bakoitzeko deialdi kopuru zehatz eta murritz bat ezartzea; izan ere, ondoren, araudiak ez du utziko Txapelketara 4 jokalari baino gehiago eramaten.
Neurri horrek, klubei asteko plangintza modu ordenatuagoan bateratzeko aukera emateaz gain, funtsezkoa iruditzen zaigun zerbait ere saihesten du: deialdietara azken unera arte joateak dakarren kudeaketa emozionala eta postua irabazi nahi izateak lehiakortasun osasuntsuan eragin dezakeen barne-tentsioa.
Hausnartu beharreko beste neurri bat, betiere antolakuntza-mailan duen zailtasunaz jabetuta, hurrengoa izango litzateke: selekzioaren entrenamenduek kluben aste barruko prestaketa saioekin bat ez egitea (bereziki asteartetik aurrera, taldeen lan-dinamikak nabarmen baldintzatzen baitituzte kategoria guztietan). Gainera, asteko kargan eta Ligari zuzendutako asteko saio espezifikoenetan ere eragiten du. Konprobatu ahal izan dugu askotan saio ugari mugatuta edo bertan behera gelditu direla jokalari faltagatik.
Era berean, klubek Selekzioaren plangintzaren berri izan behar dugu erregulartasunez, eta bertan gertatzen diren aldaketak automatikoki jaso. Horixe da deialdiek sortzen dituzten ezustekoei aurrea hartzeko modu bakarra (batzuetan 24/48 ordu lehenago iristen baitira). Gure iritziz, denbora-muga batean kudeatu daiteke administrazio-zati hori, plangintza aurreratu, eta klubei asteko antolaketa erraztu ahal izateko.
Azkenik, Euskal Federazioa-Klubak eta Klubak-Euskal Federazioa bi norabideetan komunikatzeko eta informazioa eskatzeko arduradunak zeintzuk diren zehaztu eta identifikatu behar direla pentsatzen dugu. Ez da posible hautatzaile batek klubeko X kategoriako teknikariari deialdiagatik galdetzea edo hura jakinaraztea. Horretarako dauzkagu klub bakoitzean sail horretan lan egiten duten arduradun teknikoak. Komunikazio-kanalak argiak izan behar dira denboraldiaren hasieratik, eta uneoro errespetatu.
Gutxiengoan dagoen kirola da areto futbola, eta horrek ez du esan nahi gauzak erdizka egin behar direnik. Hobetzeko bete-beharra daukagu maila guztietan, ahal dugun neurrian behintzat. Asko gustatzen zaigu selekzioekin lankidetzan aritzea, eta oso harro sentitzen gara gure jokalarien parte hartzearekin, baina urtea oso gogorra izan da alde horretatik, eta gure taldeen kudeaketan muga-mugan jarri gaituzten egoerei aurre egin behar izan diegu. Gure aburuz, komenigarria da hau dena publiko egitea, bi helbururekin: lehenik eta behin, dagokion lekura iristeko, eta, bigarrenik, eta askoz ere garrantzitsuagoa, gure jendeak, jokalariek, gurasoek… jakin dezaten gertatu den guztia ezagutzen dugula, eta beti ez dela gure esku egon horri irtenbidea ematea.
Goazen Euskal Selekzioa!