Taulako bigarren postuan kokatu da Lauburu Ibarra Mahala

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2022ko ots. 2a, 16:55

Igandean etxean irabazi ondoren, Aitor Arevaloren taldeak bigarren postua eskuratu du 26 puntu pilatuta.

Lauburu Ibarra Mahala taldeak Ligako hamalaugarren jardunaldiko partida jokatu zuen igandean. Bizkaiko Pozgarri Derioren bisita jaso zuten eta, Arevaloren arabera, taldeak “lan bikaina” egin zuen, baina beharrezkoa izango da hobekuntza bat egitea “azken metroetako ekintzetan”.

Aurkariaren planteamendu itxia kontuan hartuta, ez zen partida erraza izan. Banakako pista erdiko defentsa baten aurrean, ibartarrek hainbat aukera izan zituzten baina jokaldien amaieran finagoak izatea falta izan zitzaien. Gainera, ia lehen zatiaren amaieran, bisitariek 5eko jokoa aukeratu zuten, norgehiagokaren erritmoa erabat aldatuz. Hala ere, 3 eta 1-eko emaitzarekin iritsi ziren atsedenaldira. Ezinbestekoa aurretik eustea bigarren zatiari aurre egiteko.

Aldageletatik itzultzean, jokoaren erritmoa are gehiago handitu zen, eta moreek gehiago arriskatzen jakin izan zuten, batez ere, arerioak 5x4ko ekintzak egiten jarraituko zutela jakinda. Dena den, amaieran asmatu gabe jarraitzen zuten eta horren adibide dira zuzenean zutoinera joan ziren 5 baloiak. Bestalde, Pozgarri Deriok guztira egin zituen 8 jaurtiketetatik, 3 sartu zituen.

Azken bi minutuetan sartuta, elektronikoak 4 eta 3-koa erakusten zuen etxekoen alde, eta, bi berreskuratze on egin ondoren, partida aurrera ateratzea, aldeak handitzea eta azken 6-3koa jartzea lortu zuten.

Aste honi dagokionez, ibartarrek atseden hartzen dute, baina gogor jarraituko dute lanean, hurrengo jardunaldian ere etxean jokatuko dutelarik.

Goazen Lauburu!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!