Biziagoa zela erakutsi zuen arerio baten aurkako porrota

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2022ko urt. 26a, 10:30

Larunbatean Carniceria Hermanos Fuente Labastidaren bisita izan genuen bigarren itzuliko bigarren jardunaldia lehiatzeko. Etxean jokatuta erosoago sentitzen garela kontuan hartuta, Ericek aurretik aurreratu zuen 3 puntu batu behar genituela “taula gaineko postuetara eramango gaituen trena hartzeko”. Horren bila joan beharra zegoen.

Alvaro, Eric, Chuky, Boli eta Jorgerekin hasi genuen lehen zatia. Chukyk sortu zuen arratsaldeko lehen aukera garbia, punteria apur bat falta izan zitzaion hurbilketa arriskutsu batekin. Gero, ez genuen jokaldiak burutzea lortzen eta, 7. minutuan, bisitarien aldeko lehen gola iritsi zen, Jorgeren esku-hartze bikoitz baten ondoren, azken aldaratze bat aprobetxatuta (0-1). Hasieratik intentsitate handiagoa erakusten ari baziren, aurretik jartzeak hura handitzeko balio izan zien.

Golaren aurrean eduki beharreko erreakzioa iritsi gabe, ez genuen erakutsi beharrezko maila aurretik geratzen ziren minutuei erantzuteko. Ekintza aipagarri bakarrak Chuky eta Boliren eskutik etorri ziren, arerioaren area barruan pase garrantzitsuak eman baitzituzten, Belabietan berdinketa jartzeko aukera politak sortuz. Horrela, lehen zatiaren amaieratik segundo gutxira, Jotak hutsartea eskatzen zuen eta 5eko jokoaren alde egiten zuen apustu. Ekintza bakarrra burutzeko denbora besterik ez zegoen, bi gehienez, baina saiatu egin behar genuen. Hala ere, atsedenaldira 0-1ekoarekin joan ginen. Horren aurrean, funtsezkoa zen barneratzea oraindik joko asko gelditzen zela. Atsedenaldia beti dator ondo taldean hitz egiteko, antolatzeko eta azken 20 minutuak aurrekoetan gertatutakoa iraultzeko ideia argiarekin hasteko.

Chuky, Christian, Eric, Oscar eta Jorgerekin ekin genion bigarren zatiari. Lehen minutuetan, pixkanaka hurbiltzen joan ginen. Christianek aukera argi bat barkatzen zuen, atezainaren aurrean bakarrik iristea lortzen zuelarik. Dena den, ikusten genuen ez talde bat ez bestea ez zela behar adina hurbiltzen. Erasoan, pase luzeak bizkarra irabazten saiatzeko. Defentsan, hori saihesteko pase mozketa ugari.

33. minutura arte itxaron behar izan genuen hurrengo gola ikusteko. Arabarren aldeko falta arriskutsu bat zutoinean amaitu ondoren, area barruan pase on bat iragazi eta aldeak handitzen zituen talde bisitariak (0-2). Handik segundo gutxira, Iliasek oso gol garrantzitsua sartzen zuen, area barrutik honek ere (1-2), esferikoa atezainaren gainetik altxatuz. Beraz, urrats bakarrera geundela, atezain jokalariarekin ateratzen ginen. Garaipenak etxean gelditu behar zuen. Hala ere, 34. minutuan, ate hutsaz baliatu zen aurkaria eta (1-3), hiru minutu geroago, berriro jaurtitzen zuen urrutitik, partida erabakita utziz (1-4). Golaren eta golaren artean, gure bosgarren falta igo genuen. Ezin ukatu nagusitasunean jokatuz aukera bat baino gehiago izan genuela. Bastidako atezainak, ordea, ondo erantzuten zuen.

Ez zen gure arratsaldea izan. Inondik inora. Bastidakoek intentsitate eta bizkortasun handiagoa erakutsi zuten eta 3 puntuak eskuratu zituzten. Eraginkortasunez erantzutea falta izan zitzaigun guri. Falta izan ez zitzaiguna, aldiz, gure zaleen animoak izan ziren. Mila esker! Azpimarratzekoa da, baita ere, Oier “Txiki”-ren debuta, more bezala jokatzen zituen bere lehen minutuetan dena emateko gogoz kantxaratu baitzen. Orain, akatsak lantzea eta izan nahi dugun talde hori osatzen jarraitzea dagokigu. Elkarrekin. Oraindik jardunaldi asko geratzen dira, baina horrek ez du esan nahi erlaxatu gaitezkeenik.

Goazen Lauburu!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!