Jota Arregi: "Partida amaierara arte borrokatzen duen talde lehiakorra izatea nahi dut"

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2022ko urtarrilaren 14a

Bihar Bilbora bidaiatuko dugu bigarren itzuliari hasiera emateko, 18:15ean CD Otxartaberen aurka jokatuz. 21-22 denboraldiko estreinaldiko partidan berdinketa lortu genuen elkarren arteko norgehiagokan (3-3). Kopako kanporaketan, aldiz, 3-2 galdu genuen arren, amaierara arte jokoan mantentzen jakin genuen.

Puntuei dagokienez, parekatuta gaude, baina haiek Guadalajaran 3 puntu lortzetik datoz. Gainera, Gabonetan aldaketa handia izan dute, eta Yerai joan zaie, Jonathan Camara, eskarmentu handiko beste jokalari bat, haren postuan ipiniz. Erritmoa hartzea kostatzen ari dela badirudi ere, ziur buruko postuetara lotu eta igoera postuetan sartzeko borrokatuko dutela, urtero bezalaxe. Horrela, bigarren itzulia +3 batekin hastea funtsezkoa izango da haientzat ere.

Erronka handi honi aurre egiteko, jokalari guztiak deitu ditu gure entrenatzaileak, Juaristi izan ezik, oraindik ez baita osatu. Era berean, Ilias zalantza izango da azken unera arte, birus gastriko bat dela eta. Jubeniletatik, Ikerrek eta Ekainek bidaiatuko dute, eta Marcos itzuliko da, pixkanaka erritmoa hartzeko. Azkenik, 5 hilabete eta erdiko errehabilitazio-prozesu baten ondoren, Oier Azkunaga ere deialdian sartu da. Zorterik onena opa diogu berarentzat aro berri bat den honetan.

Partida parekatua ikustea espero du Jotak, lehen itzuliko azken zatian bezala lehiatuz. "Partida amaierara arte borrokatzen duen talde lehiakor hori izatea nahi dut", zioen. Goazen ba horren bila! Goazen Lauburu!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!