Lehen itzuliko azken-aurreko norgehiagoka ere bada, eta Jotak zuzentzen dituenak jakitun dira, taulan nabarmen igo nahi izanez gero, oso garrantzitsua izango dela etxean 3 puntuak eskuratzea.
Aurkariari dagokionez, hamabigarren postuan dago, ibartarren puntu kopuru berarekin (16 guztira). Horrela, gaur egun, 5 puntuk bakarrik urruntzen dituzte moreak eta madrildarrak igoera faseko postuetatik.
Gure entrenatzaileak dioenez, sailkapenak erakusten duen bezala, berdintasun handia aurreikusten da biharko. Badakite erasorako taktika eta kalitate tekniko handia duten jokalarien aurka aritu beharko dutela. Juaristi eta Marcos izan ezik (min hartuta jarraitzen baitute), gainontzeko jokalari guztiak deitu ditu Jotak, baita Unax Zubiria Euskal Ligako atezaina ere. Lehen taldearekin jokatzen duen lehen aldia izango da azken honentzat.
Denboraldia hasi zenetik borrokan ari diren tokian kokatzeko bultzada txiki bat baino ez da falta eta, horregatik, zaleak inoiz ez bezala animatzeko gogo eta indarrarekin gerturatzea espero dugu klubetik.
Gogoratu, EAEko Auzitegi Nagusiaren aginduz, Covid ziurtagiria aurkeztu beharko dela Belabietako instalazioetan sartzeko. Horrez gain, jakina, guztiok ondo barneratuta ditugun osasun-neurri guztiak betetzen jarraitu beharko dugu: debekatuta dago jatea eta edatea, derrigorrezkoa da musukoa eta segurtasun-distantzia errespetatu behar da.
Gure kirolaz gozatzen jarraitzeko, errespetuz jokatzeko eskatzen dizuegu. Mila esker! Goazen Lauburu!