Taldeak defentsa baxuarekin hasi zuen lehen zatia. Bazekiten aurkariaren 3-1 jokoa oso bertikala zela eta, beraz, ez zuten nahi pilota etengabe airean hegan egongo zen norgehiagoka bat jokatu.
Moreak aurreratu ziren Martinen gol batekin, kornerretik sakatutako geldikako ekintza batean. Ondoren, Arevaloren arabera, defentsan egindako lan onari esker, ibartarrek ez zuten asko sufritu behar izan.
Bigarren zatia hastearekin batera, etxeko taldea oldarkorragoa izan zen eta, intentsitate horren ondorioz, falta ugari egin zituzten. Horrela, 10 minutu inguru geratzen zirenean, penalti bikoitza etorri zen, baina ezin izan zen aprobetxatu. Bost minutu geroago, etxekoek gola sartu eta berdinketa lortu zuten (1-1).
Markagailuak erakusten zuen emaitza gorabehera, piparreroek sinesten jarraitu zuten. Ona zen jarrera, baina berriz ere penalti bikoitz bat alferrik galdu zuten amaierarako 3 minutu eskasera. Aurrerago, eta akats garrantzitsuak egin ondoren, gure entrenatzaileak arriskatzea erabaki eta bosteko jokoa aukeratu zuen, oraingoan Jokin Agirretxeren eskutik 1-2koa lortuz.
Amaierarako 2 minutura, Aretxabaletakoek ere atezain jokalariaren aldeko apustua egin zuten. Gure gazteek ondo eutsi zioten presioari eta garaipen garrantzitsua lortu zuten, Aitorren arabera, “jokalari talde miresgarri baten elkartasunean oinarrituta”.
Goazen Lauburu!