Jotak zuzentzen dituenak Ligako laugarren jardunaldiari aurre egin behar zioten Burgosen eta, mailako pista zailenetako batetik zerbait eramateko asmoz, Belabietatik partidurako bidean jarri ginen eguerdiko 15:00etan.
Horrela, dinamika ona mantentzeko taldea buru-belarri aritu behar zela jakinda, Oscar, Adil, Eñaut, Iker eta Jorgerekin hasi ginen. Lehen aukera lehen bi minutuen barruan etorri zen, Oscarrek baloia lapurtu eta Ikerrekin erasoan atera zenean. Dena den, azken hau areara hurbiltzean, aurkariak lurrera bota eta txartel horia ikusten zuen. Handik gutxira, Oscar ez zen bigarren zutoinera iristen eta beste aukera on bat galtzen genuen.
Lehen 5 minutuak pasata, markagailuak 0-0 jarraitzen zuen. Asko lapurtzen genuen, baina sortzea kostatzen zitzaigun. Lapurreta horietako batean, arratsaldeko lehena eduki zuen Christianek, baina aurkariak heldu egin zion aurrera egin ez zezan. Horrela ikusten genuen etxekoentzako bigarren txartel horia.
Denborak aurrera egin ahala, joko-estiloa gutxi aldatzen zen. Adil eta Christian ziren berriz ere talde morearen aukera nabarmenetako baten protagonistak. Katalanak lapurreta egin eta kontra atera zen segituan. Segundo batez bukatu ala ez pentsatu ondoren, Christiani pasatzen zion hark bukatzeko, baina Burgoskoek pasea mozten zuten.
Neurketaren erdialdera iristeko 9:30 falta zenean iritsi zen azkenean lehena. Oscar izan zen gure taldea aurretik jartzeaz arduratu zena, Ikerrengandik jaso ostean (0-1). Beste aukera on bat lehen golaren bi protagonistek eta Adilek burutu zuten, hiruak bakarrik aurkitu baitziren etxeko atezainaren aurrean. Saiatu arren, baloia kanpora joan zen.
Horren ondoren, ia hurrengo ekintzan, oraingoan Burgoseko 3 jokalari ziren kontra ateratzen zirenak, ziztu biziz. Horren aurrean, Christian bakarrik iritsi zen defendatzera, baina Jorge izan zen gure taldea berdinketatik salbatu zuena, urruntze bikain batekin.
Beste kontraeraso batek, Ikerrena oraingoa honetan, ibartarrak markagailuan distantziak handitzeko balio ahal izan zuen. Hala ere, etxeko atezainak berriro eragotzi zuen. Atsedenaldirako 6 minutu inguru geratzen ziren eta, aurkaria gero eta gehiago nabarmentzen hasi zenean, Jotak hutsartea eskatu zuen jokoa ondo antolatze aldera.
Ondoren, norgehiagoka berdintzeko zorian egon zen etxeko taldea baina, bosgarren falta igota, intentsitatea jaitsi behar izan zuten, defentsan pista erdian itxaronez. Aurrerago, bigarren zatira iristeko 2:26ra, Oscarrek bere bigarren txartel horia jaso eta partidatik atera behar izan zuen. Horrek, beti bezala, min handia egin zigun. Kanporaketa gorabehera, ondo eusten genion batekin gutxiagorekin egoteari. Gutxi falta zen baldintza berdinetan lehiatzeko eta, orduan, soilik 54 segundo falta zirenean, Burgosek nagusitasuna aprobetxatu eta neurketa berdindu zuen, eskuin hegaletik egindako kanpo jaurtiketa batekin (1-1). Emaitza horrekin iritsi ginen neurketaren erdialdera.
Aldageletatik bueltan, Iker, Beñat, Christian, Adil eta Jorgerekin ekin genion bigarren zatiari. Hasi eta 1:20-ra, etxeko taldeak aurrea hartu (2-1) eta indar handia irabazi zuen.
Horrela, amaierarako 11:52 falta ziren arte itxaron behar izan genuen berriro argi pixka bat ikusteko. Etxeko jokalari bati bigarren txartel horia atera ondoren, nagusitasunean berdindu genuen, Adilen eskutik (2-2). 2-2-koa garrantzitsua izan arren, hiru minutu gehiago bakarrik behar izan zituzten etxekoek bigarren zutoinetik gola sartzeko (3-2).
Emaitza horrekin, etxekoek arrisku handiegia sortzen jarraitzen zuten eta, 6 minuturen faltan, Jotak atezain jokolariaren alde egitea erabaki zuen. 2 minutu geroago, Christianek berdinketa lortu zuen kanpoko jaurtiketa indartsu batekin (3-3). Hala ere, hurrengo ekintzan, Burgoskoek beste gol batekin erantzuten zuten, berriro aurretik jarriz (4-3) eta partida erabakita utziz.
Etxetik kanpo heldu da denboraldiko lehen porrota. Orain lanean jarraitzeko eta jokalariak berreskuratzen joateko unea da, datozen jardunaldiei ahalik eta intentsitate handienarekin aurre egiteko. Datorren larunbatean Belabietan itxarongo zaituztegu!!
Goazen Lauburu!