Balio handiko puntu bat

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2021ko ira. 21a, 19:12

Berdinketa larunbatean Ibarran, Otxartabek azken 30 segundoetan sartutako gol batekin (3-3).

Larunbatekoa egun handia zen familia more guztiarentzat. Zalantzaz beteriko urte zail baten ondoren, 2. B mailako gure taldeak 2021-2022 denboraldi ilusionagarri bati hasiera eman zion Belabietan, beti taularen goialdeko postuetan borrokatzen duen Otxartaberen bisita jasoz.

Ikusleen animoa eta babesa beroketatik sentituz, Marcos, Eñaut, Adil, Juaristi eta Iker ziren hasierako bostekoa. Erritmo altua eta jokoaren intentsitatea protagonista izan ziren lehen segundotik eta, lehen hiru minutuak pasata, Adilek markagailua estreinatu zuen aldaratze batean (1-0). Handik gutxira, Otxartabek bere lehen aukera galdu zuen. 2x1 batean kontra atera ziren eta bigarren zutoinetik bukatu zuten, baina ez zuten asmatu. Horren ostean, aurkaria berdintzeko zorian izan zen, baina beste behin barkatu zuen. Marcosen bi geldialdik ere berdinketa horretatik salbatu zituen ibartarrak.

Bilbotarren lehena hurbilketa horietako batean iritsiko zela zirudienean, Otxartabek urruneko jaurtiketa batekin igo zuen lehen gola, gure jokalariak ezustekoan harrapatuz atsedenaldirako 8:50 falta zirela. Gol horrekin, hutsartea eskatu zuen gure entrenatzaileak.

Jokoari berrekin ondoren, bi taldeek presio handia egiten jarraitzen zuten. Minutu bakoitza oso bizia izaten jarraitzen zuen eta, horren isla, atsedenaldirako 2 minutura igo zuten euren laugarren falta bizkaitarrek. Ondoren, Christianek baloia lapurtu eta indartsu jaurti zuen aldea handitzeko asmoz, baina baloia kanpora joan zen. Aurrerago, lehen zatiko azken segundoetan, Adilen abagune bikoitza etorri zen area barrutik baina, garrantzizko beste aldaketarik gabe, 1-1ekoarekin iritsi ginen atsedenaldira.

Aldageletatik bueltan, Eñaut, Adil, Iker, Juaristi eta Jorgerekin atera ginen pistara. Otxartabek lehen jokaldian egindako jaurtiketa arriskutsu batek gogorarazi zuen lasaitzea ez zela aukera bat. Markagailuak berdinketa islatzen zuen eta inor ez zegoen hura horrela uzteko prest.

Horrela, 5. minutuan aukera ona iritsi zen ibartarrentzat. Christian erabakitasunez atera zen kontran eta, hain zuzen, atezainarekin aurrez aurre topo egitera zihoanean, aurkarietako batek aurrera jarraitzea eragotzi zion. Aukera hori galtzeak min eman zien piparreroei eta, Oscarrek korner batetik atera ostean, baloia sarera sartu zen neurketa amaitzeko 13:59ra (2-1). Bi minutu geroago, talde bisitariak berriro erantzun zuen (2-2).

2-2ko emaitzarekin, Jorgek ekintza arriskutsu bat saihestu eta, bere arean izandako zalaparta baten ondoren, Jotak hutsartea eskatu zuen azken argibideak eta aginduak emateko. Amaierarako 5 minutu baino ez ziren falta, eta guztiarekin irten beharra zegoen.

Ondoren, 2:56ra, Christianek taldea berriz ere aurretik jartzea lortzen zuen eta, horrekin batera, Belabieta osoa zutiaraztea (3-2). Madrildarrak metroak irabazten zituen kontraeraso batean eta, ezinbesteko gol batekin, indar handia ematen zien jokalariei zein zaleei. Horrekin, Otxartabeko entrenatzaileak 5-eko jokoa aukeratu zuen. Erabaki arriskutsua baina, aldi berean, egokia; izan ere, bere mutilek partida erabakita uztea lortu zuten azken txistua entzuteko 30 segundora (3-3).

Moreen estreinaldi ona eta etxean geratzen den lehen puntua. Oso gogor lan egin dute denek batera osatzen duten egitura lortzeko. Gainera, horrelako aurkari batekin puntu bat lortzeak balio handia dauka, are gehiago, Euskal Ligako gure jokalari jubenilen parte-hartzea kontuan hartzen badugu. Ekain, Iker, Eñaut, Beñat eta Marcos, berriz ere, ezinbesteko parte izan ziren 40 minutuetan zehar eta gure Klubean oinarriak duen garrantzia erakutsi zuten.

Partidaren amaieran Jotak honakoa adierazi zuen: "Partida oso parekatua izan da eta agian eraikuntzan sufritu dugu gehien. Otxartabe beti da faboritoetako bat eta gure helburua galera handirik ez izatea zen. Pena izan da garaipena lortu ez izana". Halaber, taldea "lan handia eskatzen duen etapa berri batean" dagoela esan zigun, baina bera "oso pozik" dagoela, denak erantzuten ari direlako eta atzo berriro erakutsi zutelako erakutsi beharrekoa.

Goazen Lauburu!!!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!