Larunbatean hasiko da liga 2. B mailako taldearentzat

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2021ko ira. 17a, 17:00

Larunbat honetan, 18:30ean, Jota Arreguiren mutilek Ligako lehen partida jokatuko dute Belabietan, Otxartaberen aurka.

Larunbatean hasiko da Liga eta nabaritu jada nabaritzen da. Non? Ba, batez ere, gure 2. B mailako jokalarien zein talde teknikoaren ilusioan; haiek guztiak, dagoeneko iragarri dugun bezala, abuztuaren lehen egunetik ari baitira lanean.

Lehen aurkari bezala, CD Otxartabe bilbotarren bisita jasoko du talde moreak, iaz gure multzoan eta 2. sailkatu gisa Bigarren Mailara igotzeko Play Off txapelketa jokatzeko sailkatu zena. Ibartarrak puntu bakarrera geratu ziren haiengandik, baina hauek bigarren fasean nagusi izan ziren, etxetik kanpo ere partida oso garrantzitsuak aurrera ateraz, gureek lortu ezin izan zutena. Alde horrek eragin zuen, beharbada, haiek gainetik amaitzea.

Baina, aurten, agertokia desberdina da. Alde batetik, lehiakortasun abantailarekin hasten dira, taldea indartzeaz gain, bloke osoa mantentzen dutelako. Bestalde, gureek talde ia berria osatzen dute eta oso lan gogorra egin behar izan dute denboraldi honetan duintasunez lehiatu ahal izateko.

Hala ere, bajak oztopo dira asteburu honetako norgehiagokarako. Lehenik eta behin, ezin izango ditugu Boli eta Alvaro zelairatu lesionatuta jarraitzen dutelako. Bigarrenik, Chukyk ere ezingo du jokatu, bere fitxaketa erregularizatzen jarraitzen dugulako. Azkenik, Zuhaitz ez da egongo gai pertsonalengatik. Ondorioz, gure entrenatzaileak konfiantza osoa ematen jarraitzen du aurten Euskal Ligan jokatuko duten gure jokalari jubenilen laguntzan. Marcos, Beñat, Iker, Eñaut eta Ekaini larunbatero aukera bat emateak "ilusio handia" sortzen du Jotarengan.

Dena den, aipatu ditugun bajekin, ziurgabetasuna hurrengoa da: ahalmena izango al dute gureek une honetan aurkariarekin dagoen abantaila estruktural hori fisikoki orekatu ahal izateko? Jota horri buruz aritu da asteko saioetako batean eta, bere esanetan, aurre denboraldian egindako lan gogorrarekin lortzea espero dute baina, errotazio gutxi egongo denez, “zalantza asko” dituzte.

Hori guztia alde batera utzita, taldea "gogotsu" sentitzen da eta "pistara salto egiteko irrikan" daude. Pixkanaka, efektiboak berreskuratuko ditugu eta proposatutako helburuak betetzetik gertuago egongo gara.

Beraz, denboraldi hasiera berezia etxean, gure zale guztien babesarekin. Azkenik, gogoratu, aurten publikoa izango dugula berriz ere eta jada bazkide egiteko aukera duzula gure webgunearen bitartez (Lauburuke.com). Bestela, sarrerak 5 euroko kostua izango du eta aldez aurretik tiketa erosi beharko da, baita gure webgunearen bitartez ere. Garrantzitsua: bazkide egiteko nahiz sarrera bat eskuratzeko, aldez aurretik erregistratu egin beharko duzu.

Halaber, norgehiagoka zuzenean jarraitzeko aukera egongo da Twitterreko gure kontu ofizialetik: @LAUBURUKEIBARRA.

Eskerrik asko familia! Larunbatean zain izango gaituzue!

Goazen Lauburu!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!