Jardunaldi baten faltan, Ligako txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2021ko mai. 12a, 11:58

Lauburu Ibarra Mahala Ligako txapelduna da, Siero Areto Futbol taldeari 1-6 irabazita; jubenil mailako Espainiako kopa jokatuko dute.

Lauburu Ibarra Mahala Ligako txapelduna da Siero Areto Futbol talde asturiarrari 1-6 irabazi ostean. 20 garaipen, porrot bakarra, 112 gol aldeko eta 24 gol kontra. Emaitza bikain hauekin, Arevaloren mutilek Liga titulua lortu dute txapelketa amaitzeko jardunaldi baten faltan. Talde morearen atzetik eta bigarren Gijon Playas talde asturiarrak amaituko du. Bikain aritu dira haiek ere orain arte eta talde morearekin batera Espainiako jubenilen kopa jokatuko dute ekainaren 5eko asteburuan, estatuko 16 talde onenekin batera.

Puntu bakarra behar zuten moreek larunbatean txapeldun izendatzeko. Hala ere, 3 puntuak lortzeko asmoz bidaiatu zuten Pola de Sierora. Lehen minutuetan, aurkariaren defentsak ezustean harrapatu zituen bisitariak; izan ere, defentsa altuak eta baxuak tartekatzearekin batera, banakako defentsa burutu zuten geldikako akzioetan. Kosta egin zitzaien gipuzkoarrei partidan sartzea eta horrek prezipitazio ugari eragin zituen. Dena den, minutuek aurrera egin ahala, ibartarrak neurketan finkatu ziren eta ohiko posizio-jokoa eta presio nekaezina garatzen hasi ziren.

Aukerak iristen hasi ziren. Hala ere, azken metroetako erabaki txarrek emaitza ez mugitzea eragiten zuten. Azkenean, lehen zatia amaitzeko bi minutu soilik falta zirela, Jokin Agirretxek 0 eta 1ekoa ipini zuen, erasoko trantsizio ona arrakastaz amaituz.

Atsedenaldian egoerak zuzendu ostean, moreak erasokortasun puntu bat gehiagorekin kantxaratu ziren, eta 35. minutuan, 0 eta 2koa igo zuten Aimar Zubillagaren bitartez. Minutu bat geroago, Jokin Agirretxek hirugarren gola sartu zuen (0-3). Abantaila izan arren, ez zuten amore eman. Bigarren zatiko 7. minutuan, Aimar Iturriotzek beste bi gol sartu zituen, aldeak handituz: 0-5.

Moreen intentsitatea eta oldarkortasuna falten kopuruan islatu zen, amaierarako 12 minutu falta zirela bosgarrena eraginez. Dena den, taldeak txapelketa nahi zuen eta ez zuten intentsitatea jaitsi. Horri esker, aukerak bata bestearen atzetik etorri ziren, baina bost minuturen faltan, etxekoek aldea murriztu zuten (1-5). Markagailua mugituko ez zela zirudienean, Unax Iglesias jokalari kadeteak arratsaldea borobildu eta, talde ekintza bikain baten ondoren, bigarren zutoinetik amaitu zuen, ibartarren alde: 1-6.

Entrenatzaileren hitzetan: «Oso pozik gaude txapelketa honengatik. Handia da lortutako guztia. COVID-19aren aurka borrokatu dugu, plantilan izan ditugun konfinamenduen eta positiboen gorabeheren aurka. Horrekin batera, 14 partida jokatu ditugula bi hilabetetan hartu behar da kontuan. Titulua lortzeko akats-tartea oso txikia zen eta denboraldia bikaina izan da. Oso eskertuta nago mutilen lanarekin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!