Bolada bikaina hausten duen porrota

Erabiltzailearen aurpegia

Bidaia luze batek espero zigula jakinik, goizeko 9:00etan irteten ginen Belabietatik. Eguraldi ona lagun genuen animoetan eta, zenbait orduko bidaiaren ondoren, Guadalajarako Palacio Multiusos-etik hurbil gelditzen ginen bazkaltzeko eta indarrak hartzeko. Ondoren, behin hara iritsita, talde morea aldageletara sartzen zen misterraren azken argibideak jasotzeko denbora nahikoarekin.

Iñigo, Zumeta, Dani, Antxon eta Jorge izan dira hasierako bostekoa. Gure lehen hurbilketak gora zihoazen jaurtiketetan edo etxeko atezainak urruntzen zituenetan oinarritu dira. Aukera ederra izan dugu, baita ere, Antxonek baloia areatik oso gertu lapurtzen zuenean. Hala eta guztiz ere, gure taldea ez zegoela eroso nabaritu da, eta aurkariak xehetasun hori aprobetxatzen zuen bitartean, gureak erabat finkatu gabe jarraitzen zuten.

Horrela, lehen bost minutuak pasata, Adri Martiñoren mutilek pista erdian itxarotea erabakitzen zuten. Maila erasokorrean, markagailua ireki zezaketen jaurtiketa indartsuekin probatu dute. Baina, lehen zatiaren erdia igarota, elektronikoak mugitu gabe jarraitu du. Ondoren, atsedenaldirako 7 minuturen faltan, etxekoak ate hutsa aprobetxatzen saiatu diren arren, Iñigo iritsi da baloia kanpora ateratzeko.

Pixkanaka, ibartarrak gehiago zentratu dira. Jorgek atetik emandako ohar onek ere lagundu dute horretan. Azkenean, arratsaldeko lehen gola iritsi da Iñigoren eskutik. Norgehiagokaren erdialderako 6:06ren faltan, nafarrak ate barrenean sartu du baloia korner jaurtiketa baten ostean, estrategiazko jokaldi bati esker (0-1).

Dena den, Guadalajarak indartsu jarraitu du, atsedenaldirako 4:26ra neurketa berdintzea lortuz (1-1). Gola bere jokalarietako batek pilota bigarren zutoinean jaso eta jaurtitzeko bakarrik zegoela iritsi da. Berehala, Jotak hutsartea eskatu du ordena pixka bat jartzen saiatzeko. Aurrerago, lehen zatia bukatzeko 1:39 falta zenean, Juaristik aurretik jarri du taldea ia ezinezko angelu batetik jaurtiz (1-2). Gol oso garrantzitsua, une egokian etorri dena. Horrela iritsi gara atsedenaldira.

Bigarren zatiari dagokionez, Zumeta, Raid, Juaristi, Andoni eta Peñarekin hasi da. Baloia jokoan jarri eta 3 minutura, moreen akats baten ondorioz, aurkariak baloia lapurtu eta erasoan atera da berriz ere partida berdintzea lortuz (2-2). Horrek min handia egin die gureei. Bestalde, gehiagorako gogoa sentitu dute bertakoek. 

Ziurrenik intentsitate horri esker, aurretik jartzea lortu dute amaierarako 11:31ra (3-2). Hala ere, oraindik joko asko zegoen aurretik eta Zumetak berdinketa lortu du, taldeari beharrezko bultzada emanez (3-3).

Orduan, gugan sinesten hasi garenean, bosgarren falta igo dugu eta etxekoek penalti bikoitza aprobetxatu dute (4-3). Dena den, norgehiagoka erabakitze zegoen eta inork ezin zuen ezertaz fidatu oraindik. Hala erakutsi du Zumetaren hurrengo golak, partida amaitzeko 3:31 falta zela (4-4). Horren aurrean, indarra galdu beharrean, 40 segundo geroago berriro aurreratu dira Guadalajarakoak (5-4). Horrekin, bultzada txiki bat besterik ez zaigu falta izan punturen bat lortzeko aukera izaten jarraitzeko, eta, horren bila, Jotak 5eko jokoaren aldeko apustua egin du.

Gure taldeak ondo erantzun dio entrenatzailearen erabakiari, baina bosgarren faltarekin jarraitzen genuen eta beste penalti bikoitz bat eragin dugu 5 hamarreko bakarrik falta zirenean. Jaurtiketak sare barruan amaitu du (6-4). Gehiagorako denborarik gabe, emaitza horrekin iritsi gara amaierara.

Porrota gogorra etxetik kanpo, gure taldearen bolada ona eteten duena. Akatsak aztertu eta zuzendu behar dira orain, ikasten eta gozatzen jarraituz eta datorren jardunaldian pentsatuz. Partidaren amaieran Jotak honakoa adierazi du: "Partida zaila izan da. Ondo aritu gara estrategian, baina ez dut taldea pistan eroso ikusi. Ez dugu orekatzen jakin eta ez dugu beste partidetan izaten dugun sakontasuna izan. Beraz, orokorrean aurkaria hobea izan da eta garaipena merezi izan dute. Guk lanean jarraituko dugu eta gauzak egokitzen saiatuko gara arreta galdu edo lasaitu gabe”.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!