Larunbatetik aurrera, 8 partida, 8 final

Erabiltzailearen aurpegia

Larunbat honetan gure taldeak bigarren faseari ekingo dio eta Zaragozako Pinseque taldearen bisita jasoko du Belabietan 18:30ean.

Lehen fasea 1. postuan amaitu ostean, Jotaren mutilek bi aste izan dituzte aurretik datozen 8 erronka nagusien inguruan mentalizatzeko. Era berean, prozesu horretan atseden pixka bat hartu ahal izan dute, abuztutik ia gelditu gabe lehiatzen ari baitziren. Halaber, joan den larunbatean Burgosera bidaiatu zuten Juventud del Circulo taldearen aurka lagunarteko bat jokatzeko. Gure entrenatzailearen arabera, "prestakuntza mailan" lagundu zuen norgehiagokak eta "gauza asko lantzeko" balio izan zuen. 

Aurretik, etapa gogor bezain polita

Horrekin batera, larunbatean etapa gogor eta polit baten hasiera izango da. Moreek 8 partida jokatuko dituzte, 4 etxean eta beste 4 etxetik kanpo. Aurrean, 4 aurkari indartsu (Pinseque F.S, Ciudad de Guadalajara, A.D San Juan eta CD Tafatrans Vulcanizados Ruiz), denak helburu bera lortzeko borrokan: 2. mailara igotzeko play off-a jokatu ahal izateko lehen bi postuetan sailkatzea edo, gutxienez, Errege Koparako txartela lortzeko lehen lau postuetan sailkatzea (edo, Tafalla sailkatuetako bat izanez gero, lehen bostetan, azken hau Xotako filiala izanik ezin duelako Kopan parte hartu).

Horri dagokionez, gure taldea oso gogotsu dago. Lehen fasean egindako lan gogorrak bere fruituak eman ditu eta datorrenari aurre egiteko motibazioa handia da. Gainera, nahiz eta taldea kontziente den plantillaren konfigurazioari dagokionez dagoen arriskuaz (ez denez oso zabala, edozein xehetasun edo jardunaldi batean falta daitekeen edozein jokalari erabakigarria izan daitekeelako), itxaropenak handiak dira. "Taldeak beregan sinesten duela nabari da, eta, haiek bezala, nire planteamendua beti ahalik eta emaitza altuena eskuratzea da”, adierazi du Jotak.

Buelta lanera

Zentzu horretan, aste honetan moreak normaltasunez itzuli dira entrenamenduetara, astelehenetik ostegunera saio osoak eginez. Arreguiren arabera, gure jokalariak ikasten jarraitzeko "gogo eta ilusio handiarekin" daude, eta hori funtsezkoa da astero aurkari handi eta indartsuei aurre egiteko.

Horrenbestez, Alvaro (lesioagatik behin betiko baja dena) eta Iñigo (azken unera arte zalantza izango dena orkatilan min hartuta jarraitzen duelako) izan ezik, beste guztiak prest egongo dira dena emateko eta ahalik eta gogorren lehiatzeko. Horrez gain, litekeena da entrenatzaile gasteiztarrak jubeniletako jokalariren bat deitzea.

Eskarmentu handiko aurkaria

Aurkariari dagokionez, Pinseque beste azpitaldeko laugarren sailkatua izan da eta 23 punturekin sartu da bigarren fase honetan. Talde beteranoa da 2B mailan eta bere plantilla oso osoa da. Jotaren arabera, "talde arriskutsua da, batez ere, zonakako defentsa erabiltzen dutelako eta horrek arazoak sortzen dizkielako aurkariei". Gainera, entrenatzaile aldaketa izan dute eta bigarren mailako Colo Colo taldeko Gascón fitxatu dute, beren emaitzak hobetzeko aukerak zabalduz. 

Bigarren mailara igotzea, helburu desiragarria

Horrekin guztiarekin, sailkapenaren goialdean mantentzeko gaitasun nahikoa dutela erakutsi dute ibartarrek. Bigarren mailara igotzeko ametsa lortzeko ibilbidea luzea eta oso estua izango da, baina, gure entrenatzaileak esaten duen bezala, "helburu desiragarria" ere bada.

Jarraitu norgehiagoka bakoitza zuzenean bigarren fase honetan ere

Gogorarazi nahi dizuegu klubak berriro ere ahalegin handia egingo duela zaleek norgehiagoka bakoitza zuzenean jarraitu ahal izateko, bai YouTubeko gure kanalean (Lauburu K.E Komunikazioa), bai Twitterreko gure kontu ofizialean (@LAUBURUKEIBARRA). Inoiz baino gehiago behar zaituztegu, eta zuen animoak ezinbestekoak dira. Mila esker beti hor egoteagatik.

Zuen zain egongo gara!

Goazen Lauburu!!!

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!