Lehen postuagatik borrokan

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2021ko ots. 2a, 14:55

2B maila nazionaleko gure taldeak Auzoak de Zierbena C.D.F-ren aurka jokatu zuen igandean Ligako hamargarren jardunaldiko partidan. Bizkaitarrak aurkari zuzenak izan dira beti ibartarrentzat eta pistako errespetua elkarrekikoa da neurketa bakoitzean.

Gure hasierako bostekoa Antxon, Zumeta, Iñigo, Juaristi eta Endikak osatu zuten. Presio handia egiten eta aurkariaren paseak etengabe mozten hasi ginen, kontran atera eta arriskua sortuz. Gure aldeko zeharkako falta batekin, markagailua irekitzeko aukera izan genuen lehen minutuetan, baina baloiak ez zuen sartu izan nahi 4:20 minutura arte, Antxonen bitartez kontra eraso batean etorri zen gol batekin (0-1). Minutu bat geroago, erreakzionatzeko ia denborarik gabe, Danik aldeak handitzen zituen (0-2) eta etxekoek hutsartea eskatzen zuten. Hauek ere beren aukerak izan zituzten, baina ez zuten asmatu azken metroetan. Horrela, lehen zatia amaitzeko 10:16ren faltan, Antxonek atezaina area barruan zalantzan jarri eta bere bigarren gola sartu zuen, hirugarrena moreentzat (0-3). Geroago, Zierbenaren gola iritsi zen, atsedenaldirako 8:44ren faltan (1-3). Hortik aurrera, Juaristi, Iñigo eta Zumeta gola sartzeko zorian egon ziren. Hala ere, etxeko atezainak ondo urrundu zuen jaurtiketa bakoitza. Horrekin, jokaldiak amaitzeko bultzada txiki bat besterik ez zitzaigun falta, edo hura zen sentsazioa behintzat. Atsedenaldirako 4 minutu falta zirenean, ordea, gure 4. falta egin genuen. Zer suposatzen zuen jakinda, kontu handiz ibili behar izan genuen aurretik mantendu ahal izateko. Dena den, horrelako egoeretan eskarmentu handia izanda, ondo eutsi genuen. Are gehiago, Antxonek beste bat sartu zuen (1-4) 3 minuturen faltan, bere kalitatea eta taldearen arteko lan ona erakutsiz. Lehen zatiko azken zatian intentsitate handia bizi genuen, baina, aldaketarik gabe, 1 eta 4-koarekin joan ginen atsedenaldira.

Bigarren zatian aldeak handituz

Aldageletatik bueltan Iñigo, Antxon, Juaristi, Andoni eta Jorgerekin hasi genuen jokoa. Pilota menderatzeari dagokionez Zierbenari protagonismo pixka bat eman genion arren, baloi asko lapurtzen jarraitu eta beharrezko jarrera erakutsi genuen. Gureek eta bizkaitarrek bi aukera arriskutsu izan zituzten lehen bi minutuetan. Dena den, kronometroa aurrera zihoan eta emaitza ez zen mugitzen. Ondoren, amaierarako 10:40aren faltan eta punteria handiarekin, Raidek gola sartu zuen, aurretik behin baino gehiagotan hura lortzeko zorian egon ondoren (1-5). Orduan, partida bazihoala ikusita, Zierbenak 5-eko jokoa aukeratu zuen. Baliabide horrek erasoan jokalari bat gehiago izatea eragiten zuen, baina atea bakarrik uztea ere bazekarren eta Jotak zuzendutakoak baloi asko lapurtzen ari ziren. Horrela, 7:31 falta zela, Iñigok beste puntatik (1-6) sartu zuen baloia ate hutsean, defentsa baxuko lapurreta baten ondoren. Geroago, aurkaria 4 faltekin jarri zen eta, asko saiatu ostean, bere bigarren gola iritsi zen azken txistua entzuteko 3:09ra (2-6). 2 eta 6-ko emaitzarekin, markagailua aldatuko ez zela zirudien, baina gure kapitainak gose handia zuen eta, sartutako 4 golekin asetu ez zenez, 21 segundoren faltan, beste bat igo zuen urrunetik (2-7) eta partida erabakita utzi zuen.

3 puntu eta gure jokalarien jarrera nabarmena

Gure taldeak pista oso zail batetik ekarri ditu 3 puntu eta horiek egiten ari diren lan guztiaz pozik sentitzeko balio dute. Endikaren eta Jorgeren lana ere azpimarratu behar da, aurkariaren aukera asko salbatu baitzituzten. Dani gure jokalariak min hartu zuela ere aipatu beharra dago, eta, gure gogoz kontra, baja izango da ziur aski hurrengo asterako. Hemendik gure animoak bidaltzen dizkiogu. 

Partidaren amaieran Jotak "oso partida osoa" izan zela adierazi zuen eta, lehen zatiari dagokionez, taldeak "denboraldi osoko onenetakoa" jokatu zuela. "Jokalariak oso ondo egon dira, oso kontzentratuta, zalantza egin gabe eta egoerak eskatzen zuen defentsa maila batekin", esan du entrenatzaileak.

Helburua argia da eta badakigu ahalegin handia eskatzen duela, baina horrelako partiden ostean sentitzen den pozak eta satisfazioak izugarri merezi du. Gauzak ondo egiten ari gara eta garaipen garrantzitsu hau lortuta 19 puntu pilatu ditugu, Juventud del Círculo taldeak bezalaxe, baina haiek partida bat gutxiagorekin. Bestalde, sailkapeneko lehen postuan dagoen Otxartabetik 3 puntura gaude.

Datorren larunbatean, aurkari bera, helburu bera

Datorren larunbatean talde berdinari aurre egin beharko diogu eta ziur atzo gertatutakoa ahazteko helburuarekin etorriko direla Belabietara. Horren harira, Arregik esan digu kontziente direla “aurkaria partidan sartuz gero, arazo asko sor ditzakeela". Beraz, lan gogorreko aste berria eta erakusten jarraitzeko ordua!

Goazen Lauburu!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!