Indar handiz sentitutako lehen garaipena

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2020ko aza. 30a, 15:58

Hilabete gogorren ostean, azkenean, Lauburu Belabietara itzuli zen ligako 5. jardunaldiari dagokion partida jokatzera. Oso topaketa berezia zen, aspalditik baikeunden egun honen zain. 

Iñigo, Zumeta, Antxon, Dani eta Jorge izan ziren hasierako bostekoa eta laster iritsi ziren etxekoentzako zein aurkarientzako aukerak. Antxon Andoni bilatzen saiatu zen lehenik eta, ondoren, Iñigo area barruan. Kukuiaga ere bi tiro indartsuekin estreinatu ahal izan zen, baina ez zuen lortu, Jorge gure atezainaren geldialdi garrantzitsuei esker.

Etxekoak presio handia egiten ari ziren eta Iñigo beste behin saiatu zen hegaletik. Lehen zatiko lehen 6 minutuak pasa ziren jada eta, aukera faltagatik ez bazen ere, markagailuak mugitu gabe jarraitzen zuen. Orduan iritsi zen partidako lehen gola Antxonen eskutik (1-0), Juaristi eta Andonirekin batera erasoko joko ona egin ondoren. Lehen gol horrek faltan botatzen genuen euforia hura berriro dastatzeko balio izan zuen. 

Handik gutxira, Boli, Andoni eta Raid ere estreinatu ahal izan ziren. Hala ere, lehen bien baloiak gora joan ziren eta Raidek, atezainaren aurrean bakarrik aurkituz, ez zuen asmatu azken metroetan.

Oraindik 9 minutu luze falta ziren partidaren erdialdera iristeko, baina Kukuiagak denbora hila eskatu behar izan zuen. Horren ostean, asko saiatu ziren arren, bizkaitarren berdinketa saihestu zuten Jorgek (partida hasierako lan ona mantentzen zuenak) eta gure jokalariek, paseak moztuz eta jaurtiketa garrantzitsuak kanpora ateraz.

Lehen zatia bukatzeko 5 minutu falta zirenean eta markagailuan aldaketarik gabe jarraituz, aldea handitzeko zorian egon zen Zumeta, Raiden pase bat jaso ostean, azken honek atzelari aurkaria atzean uzten zuelarik. 

Bestalde, Kukuiagaren baloiak sartu nahi izan gabe jarraitzen zuen eta, kontraeraso batean arrisku handia sortu ahal izan bazuten ere, Juaristik aurkaria heldu zuen ekintza hura ekiditeko. Ondorioz, espero zitekeen txartel horia jaso zuen gure 8 zenbakiak. Horrekin batera, ezin izan genuen atsedenaldira hobeto iritsi. Andonik harrituta uzten zituen ikusle guztiak, jokaldi bikain bat burutuz, hiru defentsatatik joanez. Horrekin batera, lehen zatiaren amaiera iragartzen zuen txistua entzun zen. 

Bigarren zatia Iñigo, Zumeta, Andoni, Dani eta Jorgerekin hasi zen. Talde bisitariak pista erdian itxarotea erabaki zuen defentsan eta lehen bost minutuak oso azkar igaro ziren.

Horrela, bigarren zatiaren erdialdera iritsita, aurkarietako batek baloia eskuarekin ukitu zuen etxekoen aldeko zeharkako falta baten ostean eta, beraz, penaltia iritsi zen etxekoen alde. Zumetak jaurti zuen baloia, konfiantza handiz sare barrura bidaliz (2-0). Konfiantza bera sentitu zen handik gutxira gure kapitainak markagailura hirugarrena igo zuenean, partida amaitzeko 6 minutu eskas falta zirela (3-0).

Handik gutxira, Danik gure ate barruan sartzeko zorian egon zen baloia kanpora atera zuen. Ondoren, bizkaitarrek 5-eko jokoari heldu zioten azken aukera gisa eta Andonik ate hutsa aprobetxatu zuen behin betiko 4 eta 0koa jartzeko.

Gure taldearen garaipen garrantzitsua Belabietako estreinaldian. Emaitza ona izan arren, entrenatzaileak partidaren zailtasuna azpimarratu nahi izan du, oso estu eta berdinduta egon baitzen amaierara arte. Halaber, hegaletatik erasotzea erraza izan ez zen arren, "defentsan oso eroso" egon zirela gaineratu zuen, "partidaren kontrola" eta "markagailuan gainetik egotearen lasaitasuna" sentituz. Azkenik, honek guztiak jarraipena izatea eta dinamikari eustea espero du.

Goazen Lauburu!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!