Nafarren itzulerarekin, taldeak Burgosera bidaiatuko du larunbatean, ilusioz beteriko denboraldi baten hasieran

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2020ko aza. 20a, 11:30

Aste honetan lehen taldeak egin duen entrenamenduetako bat.

Nafarroako Futbol Federazioak ofizialki jakinarazi du, 28/2020 Dekretuaren bidez, atzotik aurrera Nafarroako Foru Erkidegotik irten eta sartu ahal izango dutela, besteak beste, areto-futboleko Bigarren B Mailako lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten kirolariek.

Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoarekin sortutako bateraezintasuna konponduta, Antxonek, Danik, Iñigok eta Raidek badute mugitzeko baimena; bai lehiatzeko, baita Belabietako asteroko entrenamenduetara joateko ere. 

Horrekin batera, arauzko testak egin ondoren eta dena ondo badoa, jokalari guztiak (atezainetako bat izan ezik) prest egongo dira larunbatean Burgosera bidaiatzeko. Ligako laugarren jardunaldiari dagokion partida izango da asteburu honetakoa eta arratsaldeko 18:30ean jokatuko da; streaming bidez jarraitu ahal izango da. 

Era berean, gogora dezagun, Juventud del Círculo bera izan zela talde aurkaria urriaren 24an Belabietan jokatu zen azken lagunartean. Bertan, 3 eta 1-eko markagailuarekin irabazi zuen Lauburuk. Hala ere, haiek ligako bi partida jokatzetik datoz eta, beraz, prestatuago daude. Gainera, etxeko azken partidan 6na berdindu zuten Ligako txapeldun izan den Otxartaberen aurka. Beraz, taldea kontziente da neurketaren zailtasunaz. 

Horrekin lotuta, eta gure kirolak pixkanaka eta arreta handiz jarduera berreskuratuko duelakoan, Gasteizko entrenatzaileak partidari "ilusio handiz" baina, batez ere, "konplexurik gabe, aitzakiarik gabe eta exijentziarik handienarekin" ekingo diotela azpimarratu nahi izan du. Era berean, nahiz eta ezin izan duten nahi bezala lan egin, denboraldi hasierako berezko energia mantentzen dute eta ez da egon jokalarien lesio edo positiborik, hori guztia izanik garrantzitsuena. Azkenik, eskerrak eman nahi izan ditu taldeak bere jarduerarekin ahalik eta hobekien jarraitzeko klubak egin duen ahaleginagatik, nahiz eta murrizketen ondorioz planek ia egunero aldatu egin behar izan duten.

Azkenik, Andoni Carlosenak, taldeko kapitain gisa estreinatuko denak, "lehiaketa berriro dastatzeko eta areto futbolaz gozatzeko gogoa" azpimarratu du. Carlosena "harro" eta "motibatuta" sentitzen da eta "exijentziaz eta gauzak ondo egiteko gogoz" ekingo dio bere ardura berriari.

Goazen Lauburu!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!