Beharrezko lehen kontaktua, liga hasteko hilabete faltan

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2020ko urr. 9a, 12:19

Areto futbola Belabietara itzuli zen larunbatean, Lauburu K.E eta Laskorain K.E-ren arteko goi mailako norgehiagoka batekin. Pistan zenbait entrenamendu burututa, lehen hartu-emana izango zen denbora askoren ostean eta, beraz, jokalariek lehiaketako sentsazioak berreskuratzen hastea zen helburu nagusietako bat.

Lehen lagunartekoa izanda garrantzitsuena erritmoa hartzea zela jakinda ere, bi taldeek joko bizia eskaini zuten hasieratik. Hala, soilik hiru minutu pasatxo behar izan zituen Iñigok markagailua estreinatzeko, hiru atzelari tolosar ezustean harrapatuta, areatik oso gertu egindako ekintza bikain bat golean amaituz. Pistara itzultzeak zekarren urduritasunak eta gogoak, motibazio handia suposatzen zuen eta, lehen golak, horri guztiari eusteko balio izan zuen. Hala ere, minutu bat geroago, Laskorainek berdinketa lortu zuen markagailuan; bi taldeek ordura arte erakusten ari ziren maila berdinduaren isla.

Minutuak aurrera zihoazen Ibarran eta, bai etxekoek eta baita bisitariek ere norgehiagokaren norabidea alda zezaketen aukerak sortu bazituzten ere, emaitzari eusten jarraitu zuten. Horrela, lehen zatia 1 eta 1-eko berdinketarekin amaituko zela zirudienean, markagailuan aurrea hartzea lortu zuen Laskorainek, atsedenaldira heltzeko 10 segundoren faltan.
Aldageletatik bueltan, bigarren zatiaren hasiera ez zen asko aldatu. Erritmoa altua izaten jarraitu zuen eta inork ez zuen oso goitik presionatzeko zalantzarik egiten. Etxekoek aldea murrizteko aukerak sortzeko dena eman zuten arren, ez zuten zorterik izan ate aurrean. Era berean, Narciso Pavok zuzendutako taldeak markagailuan aurretik mantentzen jakin izan zuen eta, hirugarren gol batekin, erabakita utzi zuen partida.

Galdu arren, taldearen egoera aztertzeko balio izan zuen neurketak. Mister bezala estreinatuz, “helburu taktiko batzuk” landu direla adierazi du Jota Arreguik eta, lehiaketa hasteko hilabete baten faltan, beharrezkoa zela “taldearen benetako egoera ikustea”. Entrenatzaile gasteiztarra, larunbatekoa lehen kontaktua zela kontuan hartuta, pozik dago bere jokalariek egindako lanarekin. Garrantzitsuena "lesiorik ekarriko ez zuen ingurune lehiakor bat izatea" zen, baita "minutu zorrotzagoei" nola erantzuten zitzaien ikustea ere. Halaber, emaitzari dagokionez, porrotak "ez duela lagundu" azaldu du, baina, gehiegi kezkatu gabe, taldeak "egin behar zuena egin duela” argitu du. 

Orain, asteburuko lehen test horren ostean, talde moreak badaki zein diren hurrengo saioetan landu beharreko puntu nagusiak. Beraz, gaurtik hasita, lan gogorra egingo dute aurretik datorren hilabete garrantzitsu honi aurre egin ahal izateko.

Goazen Lauburu!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!