Klubeko teknikarien eta kirol zuzendaritzaren arteko bilera

Erabiltzailearen aurpegia

Aurretik datorkigun denboraldi zail honen berrikuntzak aztertzeko helburuarekin, Lauburuko kirol-zuzendaritza klubeko teknikari guztiekin bildu da.

Aste hauetan hainbat iturritatik iristen ari den informazioa oso lausoa eta aldakorra izan arren, bileran oso zehatz azaldu zen entrenamenduei eta lehiaketari hasiera emateko aurreikusitako funtzionamendua.

Horri dagokionez, 2B mailako taldearen kasuan, oraindik ez dute baieztatu Liga urriaren 24an edo 31n hasiko den. Bestalde, Gipuzkoa mailan jokatzen duten 1. taldeak, jubenilek eta baita kadeteek ere, badute jada hasiera data: urriaren 31ko asteburua. Hori kontuan hartuta, Txubelek, Aitzolek eta Garmenek zuzentzen dituzten taldeek aste honetatik aurrera emango die hasiera entrenamenduei. Hauen antzera, infantilen taldeari ere gutxi geratzen zaio Belabieta berriz zapaltzeko, entrenamenduei dagokienez behintzat; izan ere, hauen kasuan ere, Liga hasiera baieztatzeke jarraitzen du. Azkenik, klubeko gazteenei dagokienez (hau da, benjamin eta alebin eskolei), urrira arte itxaron beharko dute gure kirolaz ikasten eta gozatzen jarraitu ahal izateko, eta jardunaldien hasiera urtarrilera arte ez hastea espero da. Data horiek guztiak kontuan hartuta, aldaketak egon badaitezke ere, klubak Belabietako entrenamenduetarako ordutegien proposamen bat diseinatu du.

Era berean, Covid-19aren inguruko protokoloaren kudeaketa azpimarratu zen bileran; klubak kontingentzia plan bat sortu baitu. Gainera, kirolariekin harremana izango duten langile orok (teknikariak, ordezkariak, laguntzaileak...) Gipuzkoako Foru Aldundiak zuzendutako Covid-19ari buruzko berariazko prestakuntza osatu beharko dute nahitaez.

Halaber, kirol-klub gisa Lauburu definitzen duten balioak eta haien transmisioak duen garrantzia nabarmendu ziren bileran. Ezin da ahaztu, teknikari gisa, erreferente direla kirolari gazteenentzat, eta, beraz, haien konpromisoa eta erantzukizuna ezinbestekoak direla.

Horrela, egoera honetan pistara itzultzeak dakarren zailtasunaz jabetuta, bertaratutakoek arreta handiz entzun zuten kirol-zuzendaritzak hain zorrotz azaldu zituen xehetasun guztiak.

Aipatutako guztiarekin, hartutako neurriak eraginkorrak izatea espero du klubak; normaltasun berri honetara ahalik eta modu egokienean itzuliz eta hain gustuko dugun eta gure egunerokotasunari hain ekarpen handia egiten dion kirol honetaz gozatzeko aukera berreskuratuz.

Goazen Lauburu!

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!