Hasiera, lehen kontaktua eta denboraldi berrirako oinarriak finkatzea

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2020ko ira. 8a, 14:59

Ia 6 hilabete baloi batekin gozatu ezinik egon ondoren, Lauburuko 2B mailako taldea gaur itzuliko da pistetara arratsaldeko zazpietatik aurrera. Jota Arreguik zuzentzen duen taldea, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako edo Ibarrako Udaleko protokoloek ezarritako prebentzio-neurriak betez bueltatuko da Belabietara.

Horrekin lotuta, zehazteke dagoen denbora tarte batean zehar, saioak kirol-maskarekin egingo dira. Gainera, lehen egunetan lesiorik ez izateko, oso garrantzitsua izango da arreta eta kontu handiz jokatzea. Hortaz, bereziki, jokalarien arteko kontaktua landuko da lehen entrenamenduetan.

 

Horrekin guztiarekin, Gasteizko entrenatzaileak, "aurrez aurreko entrenamenduekin hasteko ziurgabetasunarekin" hasiko direla adierazi du, "egungo egoeraz jakitun" izanik. Era berean, jokalariek hilabete luze hauetan zehar banako saioak egin dituzten arren, horietan motibazioa mantentzea zaila dela gaineratu du Arreguik eta, horregatik, gaurtik aurrera "jokalariak pistan ikustea eta denboraldi-aurreko lehen une horiek bideratzea" izango dela helburua.

 

Horrela, aste hauetan guztietan bizitako zalantza ugarien ostean, lanean hasteko gogo eta ilusio handia sentitzen dute jokalariek. Talde teknikoa atzo bertan bildu zen klubeko kirol zuzendaritzarekin material guztiaren antolaketa amaitzeko eta, beraz, dena prest dago jada.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!