PORROTA GOGORRA BAINA TALDE BEZALA INOIZ BAINO ELKARTUAGO

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2020ko mar. 2a, 18:48

Alfredo Hualderen mutilek Kukuiaga Etxabarri taldea jaso zuten larunbatean Belabietan. Talde morea jakitun zen bere bertsiorik onena atera behar zuela 3 puntuak etxean gera zitezen. Horrela, hasieratik asko sufritu behar izan zen partida bati eman zitzaion hasiera.

 

Lehen minutuetan ibartarrek partidaren kontrola hartu eta aukerak sortu bazituzten ere, ez zuten golik sartzea lortu. Jaurtiketa biziak, korner sakeak area barruan taldekideak bilatuz, baloi lapurretak eta erasoan irteera arriskutsuak… baina gureetako inork ez zuen jokaldiak bukatzea lortzen.

Jokoak horrela jarraitu zuen lehen 15 minutuetan eta, atsedenaldira iristeko 5:30 falta zirenean, aurkariak markagailua estreinatzea lortu zuen partidaren bilakaeran erabakigarria izango zen Joseba Nenesek (Bigarren Mailako Pichichi ohia, Tenerifeko bere etapan) eskuadratik egindako gol batekin. Dena den, oraindik ere asko geratzen zen jokatzeko eta talde morea ez zegoen amore emateko prest. Baina, hala eta guztiz ere, segundo batzuk geroago, beste kolpe gogor bat iritsi zen gure jokalarientzat. Izan ere, Kukuiagak Belabieta isilarazten zuen beste gol bat igotzea lortu zuen; larunbateko arratsaldea asko zailtzen zuen 0 eta 2-koa markagailuan jarriz.

Horren aurrean eta distantziak murrizteko, indarrak atera behar ziren edozein lekutatik. Hala, zeharkako falta bat iritsi zen etxeko taldearentzat, kontrako atezainak 4 segundo baino gehiago behar izan zituelako baloia bere atetik ateratzeko. Aukera ona izan zitekeen Laubururentzat, baina, berriro ere, atezain aurkariak ondo defendatu zuen bere atea. Handik gutxira, lehen zatiaren amaierara iristeko pare bat minuturen faltan, Iñigo izan zen Laubururako lehen gola igotzeko zorian egon zena; gutxi falta izan zitzaion baina ez zuen lortu. Hala ere, segundo batzuk geroago, Zumetaren lehen gola iritsi zen Iñigoren kanpo jaurtiketa baten ondoren area barrutik egindako aldaratze baten ostean. Gol horrekin lehen zatiaren amaiera adierazten zuen txistua entzun zen.

Aldageletako itzuleraren ondoren, bi taldeek joko mailari eutsi zioten eta bertan Kukuiagak talde morearen jazarpenari eutsi zion, bigarren zatiko ekuatorera iritsi arte. Eta, horrekin batera, beste jokaldi isolatu bat iritsi zen, non Asier Navarrok entrenatutakoek ez zuten barkatu, markagailuan 1 eta 3-koa jarriz.  

Minutu batzuk geroago eta partida aldapan gora zegoela, Zumeta agertu zen berriro ere etxekoen bigarren gola gauzatzeko. Gol horri esker, Lauburu partida berdintzetik oso gertu zegoen eta, beraz, arriskatzea tokatzen zen. Modu horretara, Hualdek bosteko jokoaren alde egin zuen. 

Horren ostean, talde moreari ez zitzaion aukerarik falta izan zenbait aukera arriskutsu oso argirekin berdinketa lortzeko; oso gutxigatik huts egiten baitzuen. Hala ere, nahiz eta partidako momentu horietan bi aurkariek eskainitiko jokoa nahiko berdinduta egon, Kukuiagak bere laugarren gola sartu zuen amaierarako 2 minutu besterik falta ez zirenean. Handik gutxira eta jokaldi kolektibo on baten ostean, Laubururen hirugarren gol batekin erantzun zuen Antxonek. Taldeak bosteko erasoarekin jarraitu zuen indar handiz baina aurkariak ate hutsa aprobetxatu zuen partidari amaiera eman zion 3 eta 5-ekoa jarriz. 

Entrenatzaile ibartarraren arabera: "Plantillako inork ez genuen espero jaitsieran dagoen talde baten aurka porrota jasotzea eta horrek oso ukituta utzi gaitu. Emaitza oso bidegabea da 40x20an ikusitakoaren ondoren. Aurkaria baino gehiago izan gara, baina ez dugu punturik eraman. Gureek sortutako abaguneetan eraginkortasunik ez izateak era krudelenean zigortzen gaitu berriro ere. Oso zaila jarri zaigu aurten Play Off-etan sartzea, baina beti izan gara indartsuagoak eta lehiakorragoak egoera zailen aurrean. Beraz, 7 final geratzen zaizkigu eta helburura hurbilduko gaituzten 7 garaipenak bilatuko ditugu".

Porrota ezagutu gabe 7 jardunaldi jarraian pasa ondoren, kolpe gogorra iritsi da taldearentzat. Larunbatean oso garrantzitsua zen hiru puntuak etxean geratzea, hirunaka batzea beharrezkoa baita denboraldi amaierako helburu desiratua lortzeko. Baina, dena den, porrota honek taldea inoiz baino gehiago batzeko balio du, baita hemendik aurrera euren buruengan gehiago sinistu eta BORROKAN jarraitzea besterik ez dela geratzen konturatzeko. 

GOAZEN LAUBURU!!!!

PARTIDAKO XEHETASUNAK

Lauburu K.E Ibarra: Iñigo Iribarren, Andoni Agirrezabala, Oihan Carlosena, Andoni Carlosena eta Jorge Sanchez

Horiez gain: Iñaki Peña, Andoni Zumeta, Aitzol Oyarbide, Javi Saldise, Dani Garcia eta Beñat Aldalur

Kukuiaga Etxabarri: Javier Cortes, Iñaki Gonzalez, Joseba Yenes, Imanol Trinidad eta Aritz Perez

Horiez gain: Ignacio Martinez, Axel Rubin, Alexander Arias, Xabier Zurutuza, Julen Valle, Jonatan Vela eta Iker Rodriguez

GOLAK

0-1 MIN 15 JOSEBA YENES

0-2 MIN 15 JAVIER CORTES

1-2 MIN 19 ZUMETA

ATSEDENALDIA

1-3 MIN 30 JOSEBA YENES

2-3 MIN 32 ZUMETA

2-4 MIN 38 JOSEBA YENES

3-4 MIN 39 ANTXON

3-5 MIN 39 JOSEBA YENES

TXARTEL HORIAK

Lauburu K.E Ibarra: Antxon, Iñigo, Oihan

Kukuiaga Etxabarri: Javier Cortes

Arbitroak:

Garcia Llanos, Ibon (C.T.A. Vasco) 

Garcia Llanos, Igor (C.T.A. Vasco) 

Martinez Pinedo, Laura (C.T.A. Vasco)




Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!