Berriro ligan jarriko beharko du arreta Lauburuk

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2019ko aza. 15a, 08:19

Kopako kanporaketaren ondoren, talde moreak Nafarroara bidaiatuko du lidergoa defendatzeko.

Indarrak berreskuratzeko astirik gabe, Lauburu Ibarrak Ligako 10. jardunaldia jokatuko du. Oraingo honetan, Tafatrans Vulcanizados Ruiz FS-ren aurka lehiatuko da. Tafallako taldea sailkapeneko bosgarren postuan kokatzen da eta talde moretik bi puntuetara bakarrik daude. Bizitasunaren, tentsioaren eta kalitatezko areto futbolaren isla izango da beraz norgehiagoka berri hau.

Partida honekin, emozioz beteriko aste bat itxiko du Lauburuk. Aurreko asteburuko garaipenarekin eta asteartean jokatutako Kopako partida izugarri baten ondoren, Alfredo Hualderen mutilak sailkapenaren buru jarraitzeko beharrezkoak diren hiru puntuak lortzen saiatuko dira. Partida arratsaldeko 18:00etan hasiko da Tafallako CIP kiroldegian.

Aipatutako guztia lortu ahal izateko, Kopako partida zorrotzean ondoezik bukatu zuten jokalariak berreskuratzea ezinbestekoa izango da. Juaristiren baja ziurrari, Javi Saldiseren belauneko zaintiratua gehitu behar zaio. Zumetak eta Danik ere, azken momentura arte zalantzan egotea eragingo dien ondoezak dituzte. Gainontzeko jokalariak, pilatzen duten gainkarga dela eta, indarberritzen saiatuko dira, larunbatean maila onenean lehiatu ahal izateko.

Nafarroako taldea egoera honetaz baliatzen saiatuko da, hiru puntuak etxean geratu daitezen. Bertako jarraitzaile leialekin, 2B taldeko pistarik zailenetarikoa bilakatzen da Tafallakoa. Leandro Fernandez, entrenatzaile berriaren fitxaketak ohiko jokatzeko eran aldaketa eragin du. Baloiaren jabetza gehiago zaintzen saiatzen dira eta bertan Iñigo Amezqueta eta Nacho Perez bezalako jokalariak nagusiagoak sentitzen dira. Dena den, euren pibotean oinarritzen den joku zuzena mantentzen jarraitzen dute. Horretaz guztiaz gain, Unai Martinezen itzulerarekin, balio anitzeko talde arriskutsu bihurtu dira. Denboraldi honetan bloke printzipala mantentzen dute, Ligako lehen postuetan egotea helburu duen talde bati jarraipena emanez. Osasunaren filiala den Magna Xota, sailkapenean talde morearen gainetik jartzen saiatuko da.

Partida zaila izango da larunbatekoa eta ibartarrek beren espiritu borrokatzailea atera beharko dute zerbait positiboa lortzeko. Ligan daramaten inertzia ona aprobetxatuz, partida topera jokatzen saiatuko dira, hiru puntuak etxera ekar ditzaten.

Taldeko autobusa arratsaldeko 14:00etan aterako da Belabietatik. Klubetik, nahi duten bazkide guztiak Tafallara bertaratzeko gonbidatzen ditugu. Bertan taldea animatu eta Lauburuko zaleen ohiko berotasuna eta maitasuna etxetik kanpora ere, senti dezaten jokalariek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!