Komunitatera igoa

Lauburu Mahalak Racing de Mieres taldea jasoaz egingo du debuta

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2019ko irailaren 26a

Lauburu Ibarra Mahala - Racing de Mieres
19/20 denboraldia larunbatean hasiko du Lauburu Ibarra Mahala taldeak. 16:00etatik aurrera Racing de Mieres talde asturiarraren kontrako norgehiagokarekin hasiko da Ohorezko Mailaren liga.

Moreek lau aste gogor igaro dituzte entrenamenduetan eta bertan egindako lan guztia balekoa izan dela erakusteko gogotsu helduko dira hitzordura. Epe horretan landutako jokoaren alderdi guztiak aurkezten saiatuko dira.

Bisitariek ere debuta egingo dute, baina hauek kategorian ere bai. Informazio askorik ez badugu ere, ibartarrak neurketaren zailtasunaz kontziente dira, Asturiaskoek Belabietan hiru puntuak eskuratzeko munduko ilusiorik handienarekin iritsiko dira-eta, Ibarrara.

Ibartarrak, lesioei dagokienez, aurredenboraldi gorabeheratsua izan dute, baina hitzordura jokalari guztiak osatuta iritsiko dira, beraz, Aitor Arevalo entrenatzaileak bat edo beste kendu beharko duela espero da.

Entrenatzailearen hitzetan: “Lehiatzeko gogotsu gaude, lan asko eta ondo egin du taldeak eta egunak joan ahala, hobetzen ari gara jokoan. Izan nahi dugun horretara iristeko asko falta zaigu oraindik, baina noraino iritsi gintezkeen ikus daiteke jada. Gogoa eta ilusioa dagoela esan nahi du horrek eta hori egunez egun lantzen ditugun aspektuetan islatzen da. Nire aurreko bi denboraldietan ezin izan dugu ligako lehenbiziko norgehiagoka irabazi, eta hori garrantzitsua da; liga dinamika onarekin hasteak taldeari konfiantza ematen dio. Edonola ere, Joko alai bat egiten saiatuko gara, ea 3 puntuak Belabietan geratzen diren”.

Gogoratu, irailaren 28a, larunbata, 16:00etan. Eta ondoren Lauburu KE Ibarra - Laskorain KE taldeen arteko derbia

#AukeratuMoreeginLauburu  #ZurekinGehiagoGara 

#BazkideKanpaina2019_2020 #GoazenLauburuKEIbarra

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!