Hiru jokalari berri datorren denboraldian

Gipuzkoarrak fitxatu ditu Lauburuk

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2019ko ira. 5a, 18:37

Etxekoen eta jokalari nafarren berritzeak jakinarazi ostean, 2019-2020 denboraldi honetan lantaldera etorriko diren beste jokalarien berri ematea falta zen.


Hiru izango dira, Alfredo Hualderen eskutan jarriko diren jokalariak: bi atezain, Zuhaitz eta Joseba ordezkatuz, eta jokalari bat, Garmenek utzitako hutsunea betetzeko. Hirurak Gipuzkoarrak izatea dute amankomunean eta horrek proiektu morera gehitu eta hazten jarraitzeko erabakia hartzeko garaian zeresana izan du.

Atezainak, Jorge Sanchez Mateos (Zarautz, 1993/03/31) eta Endika Uribe Uribe (Tolosa, 1988/11/26) dira. Jorge, Zarauztarra, Antiguoko Futsaletik dator, eta bertan Gipuzkoako areto futbol munduaren aldetik onespena izan du, honela, Ibarrako gorputz teknikoaren interesa ere sortu duelarik. Endika berriz, Lauburun ibilitakoa da eta futbola lanarekin uztartzeko arazoak zituelako bi denboraldiz pistatik urrun egon ostean, gurera itzuli da. Talde morearen atea maila handiz babesten hiru denboraldiz ibilita, zaleen artean oso ezaguna da.

Lauburura etorriko den jokalaria Xabier Juaristi da, Tolosako Laskorain taldetik datorren hegal-atzelaria. Defentsa-intentsitatean eta jokoa sortzeko erraztasunagatik nabarmentzen da, Alfredo Hualderen taldeak beharrezkoa zuen alderdia, hain zuzen. 

Hiru Gipuzkoar hauek izango dira beraz, 2019-2020 denboraldiko berrikuntzak; taldea indartzen eta beste jokalariekin batera, Belabietara hurbilduko diren zaleei ilusioa pizten saiatuko dira. Hiru jokalari hauekin lehenengo lantaldearen osaketa itxita geratzen da honela.

Ongietorri Jorge, Endika eta Xabier; zorterik onena opa dizuegu.

#AukeratuMoreeginLauburu #GoazenLauburuKEIbarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!