Denboraldi-aurreko lehen lagunartekoak Belabietan

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2019ko abu. 28a, 12:52

Abuztuaren 17ko larunbatean Lauburuk denboraldi-aurreko bere lehen konpromisoa jokatu behar izan zuen Ibararte taldearen kontra. Denboraldi-aurreetako ohiko norgehiagoka bat izan zen; hiru entrenamendu bakarrik eginda, zehaztasunean eta erritmoan nabaritzen zen. Hala ere, gotorleku morean ibartarren lehiakortasuna neurtzeko test bikaina izan zen.

Norgehiagokan bi taldeek defentsan erakutsi zuten intentsitatea izan zen aipagarriena; defentsa altuak aurkariaren akatsak bilatuz. Hala, lehenbiziko minutuan, esteribartarrek lehenengo lerroan oste bat aprobetxatu eta 0-1ekoa egin zuten baselina eder batekin. Talde morea, pixkanaka, kantxan egokitzen joan ziren eta berdinketa egiteko hainbat aukera izan zituzten. Azkenean, Antxon izan zen gola sartu zuena; area aurrealdetik egindako jaurtiketa bortitz batekin gainditu zuen atezaina, eta berdinketaren tantoarekin atsedenaldia iritsi zen.

Bigarren zatian, ibartarrak erosoago egon ziren eta baloiarekin gehiago asmatu zuten. Hala ere, ibarartarrek kontra bizkorrekin mina egiten zuen eta Jorgek lan dezente egin behar izan zuen. Zati horren erdialdera, jokaldi more polit baten ostean, Zumetak atezainaren irteeran baloia pikatu eta Martinek buruz errematatu zuen markagailua 2-1era igoaz. Handik gutxira, Bolik 3-1koa egin zuen nafarren atearen eskuadrara botatako jaurtiketa bikain batekin; eta azkenik Andoni, baloiak aurkari bati jo eta atezaina oharkabean harrapatuz, 4-1ekoaren jabe egin zen.

Norgehiagokaren alde onak baloratu behar ditugu, Ibarrako jubenilak kalitatezko minutuak osatu eta gol bana sartu baitzuten. Garaipen batekin hasiera ematea ere ona da, denboraldi-aurrearen lehenengo astean egindako lana pixkanaka indartzen joateko.

Aurredenboraldiko bigarren testean ere sentsazio onak (9-1)


Pasa den larunbatean, Ibarrako San Bartolome festen erdi-erdian, Alfredo Hualderen mutilek denboraldi-aurreko bigarren lagunartekoa jokatu zuten, Belabietan, Otxartabe bizkaitarren kontra. Ibartarrak beren fisikorik onena atera behar izan zuten garaipena eskuratzeko, eta azken minutuetan goleatzeko ere bai.
Parekotasun eta intentsitate handia ikusi zen norgehiagokaren hasieran, bi taldeak defentsa altua ezarrita. Honek jokoa sortzeko garaian akats batzuk eragin zituen bi aldeetan, baina bietako inork ez zuen iritsiera horiek abantailarekin aprobetxatzen jakin izan. Lauburuk korner baten ostean ireki zuen markagailua, Antxonek zulo bat aprobetxatu eta Fali azpitik gainditu zuenean. Handik gutxira bizkaitarrek berdinketa egin zuten, kontraeraso on bat Barberok bigarren zutoinean errematatuta. Hala ere, lehenengo zatia amaitzerako, Danik estrategia jokaldi batean area aurrealdetik egindako jaurtiketa batekin 2-1ekoa egin zuen.

Bigarren zatian, ibartarrek intentsitate handiarekin jokatzen jarraitu zuten, bai erasoan baita defentsan ere. Halaxe iritsi zen 3-1ekoa, Aitzolek lehenengo lerroan ostu eta baselina fin batekin baloia sareetan sartu zuenean. Handik gutxira, Bolik ostu eta jaurtiketa indartsu batekin atezaina gainditu zuen, 4-1ekoa eginez.
Tanto honek Otxartabe nekarazi zuen; minutuak aurrera eta buelta eman ezinik ikusten zuen bere burua. Javi Saldisek egin zuen 5-1ekoa, Antxonen pase bat amaituz. Ondoren, Zumeta gehitu zen gol festara korner baten ostean egindako golarekin. Handik bukaera arte, Otxartabek bostekoarekin jokatu zuen, baina beste hiru gol gehiago jaso zituen, Antxonek, Javi Saldisek eta Zumetak egindakoak, hain zuzen.


Hazten jarraitzeko eta irailaren 14an gure bertsiorik onena eman ahal izateko, aurredenboraldian jarraitu beharreko bidea garbi utzi zuen beste test bikain bat izan zen norgehiagoka hau.


Aste honetan beste bi lagunarteko aurreikusita daude Belabietatik kanpo. Asteazkenean Elorrion jokatuko du talde moreak, bertako 3. mailako Bustanza taldearen kontra, eta larunbatean berriz, Juventud del Círculo, Burgosko taldearen aurrean jarriko da. Irteera hau jubenilen ohorezko mailarekin batera egingo da, gazteak beste kantxa batean eta kategoria bereko Juventud del Circulo taldearen kontra jokatuko dutelako. Hitzordu bikoitza Ibarrako klubaren adierazle nagusiak diren bi taldeentzat, denboraldi berrirako prestatzen joateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!