Lauburu K.E. Ibarrak bertakoei eusten die

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2019ko abu. 1a, 13:04

Datorren denboraldi berria prestatzen jarraitzen du Lauburuk, eta Alfredo Hualdek lehen taldeko entrenatzaile jarraituko duela berri eman ostean, jokalariei buruz hitz egiteko garaia da.

Herriko jokalariek klubaren aldeko apustua egin dute berriz eta entitatearekin duten lotura beste urtebetez luzatu. Honela, Andoni Agirrezabalak, Beñat Aldalurrek, Iñaki Peñak, Andoni Zumetak eta Aitzol Oiarbidek morez janzten jarraituko dute 2019-2020 denboraldian. Bestalde, Joseba Balerdi eta Zuhaitz Garmendia atezainak eta Jon Garmendia hegaleko jokalaria baja izango dira taldean.

Balerdik eta Garmenek gaztetatik izan dute klubarekin harremana eta urteetan more kolorea babesten grin, intentsitate, eta konpromiso eredugarria erakutsi ostean, bi ibartar hauek agur esango diote aurten euren taldeari. Herrian erreferente diren bi jokalari hauek ez dira, hala ere, urrutira joango, klubari lotuta jarraituko baitute zuzendaritza batzordeko kide moduan edota bestelako betebehar teknikoak egiten. Joseba, adibidez, eskolan sartuko da atezainen heziketan eta Garmen, berriz, entrenatzaile titulua aterata, kadeteen entrenatzailea izango da datorren denboraldian. Beraz, biek ala biek, klubarekin lotura izaten jarraituko dute.

Zuhaitzek ez, ordea. Sorbaldako lesioarekin urte osoan asko sufritu du, eta sendagileen aholkuari jarraituz, areto futbola uzteko erabakia hartu behar izan du. Ebakuntza eginda erabat osatzea espero dugu. Klubak 2018-2019 denboraldi bikain honen ondoren taldea utzi behar duten hiru jokalari hauei eskerrak eman nahi dizkie; etapa berri honetan zorterik onena opa diegu Joseba, Zuhaitz eta Garmeni.

Bajez hitz egin ostean, berrikuntzak datoz. Espero zen moduan, etxeko jokalariek proiektu morearekin bat egiten jarraitzen dute eta pasa berri duten denboraldi bikainari ginga jarri nahi diote. Hortaz, Andoni Agirrezabala, Beñat Aldalur eta Iñaki Peña klubeko gazte oparoek Alfredo Hualderen lantaldean jarraituko dute. Gazteak izanda ere, kategoria honetan zeresan asko dutela erakutsi zuten iaz, beren kalitate eta jarrera onarekin. Pauso bat gehiago eman eta ardura handiagoak hartzeko ordua da orain. Azpimarratzekoa da, ikasketen eraginez, Iñaki Peña urtarrila arte ez dela bertan izango.

Eta gazte hauei eusten eta laguntzen, Aitzol Oiarbide eta Andoni Zumeta egongo dira. Kapitainak, taldeak behar duen eskarmentua gehituko dio, eta besteei bere ilusioa kutsatu, berriro lehiakor izan daitezen. Zumetak golaren aurrean erakutsitako abilezia, berriz, txapelketan lortutako posturako gakoa izan zen. Beste urtebetez bi jokalari hauekin gozatzeko aukera izango dugu.

Pasa den denboraldian lehenengo taldearekin egon ziren jubenilez ez gara ahazten; denboraldi berrian ere bertan izango dira, kategoria honi erritmoa hartzen. Beraz, Alvaro Alonsok, Oier Goikoetxeak eta Javi Aierbek lehenengo taldearekin egingo dute denboraldi-aurrea, eta azken urte honetan ibili diren moduan jarraitzen badute, lehenengo taldearekin gozatzeko aukera izango dute berriro.

Bertako jokalarien berri emanda, laster, ekarpen handia egin duen nafar blokeari buruzko informazioa eta Laubururen proiektu hau indartuko duten jokalari berriei buruzko informazioa emango da
GOAZEN LAUBURU!!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!