Lauburu Ibarra Mahalak Eskoriatzan galdu du (6-1)

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2019ko mai. 22a, 22:04

Lauburu Ibarra Mahala taldeak 6-1 galdu zuen Eskoriatzan ligako hogeita bosgarren jardunaldian eta honekin bigarren porrota segidan jasan du. Moreek bertakoek baino jaurtiketa gehiago egin bazuten ere, aurkariaren eraginkortasunaren aurrean erori ziren.

Talde morea oso bizi hasi zen norgehiagoka hasieran; Logroñon jasandako porrotaren ostean, Aitor Arevaloren mutilak ez zuten historia bera gertatzerik nahi. Hasi eta zazpi segundora Iker Zubelzuren eskuz-esku bat erratu zuten jada. Erritmoa oso altua zen, ibartarrak baloia intentsitate handiarekin estutzen zuten eta pistaren hiru laurdenetan zein erdian berreskuratzen zuten baloia, baina gero ez zuten asmatzen sartzen.

Minutuak aurrera zihoazen eta emaitzak ez zuen bisitarien nagusitasuna islatzen, golik gabe jarraitzen baitzuten. Hamargarren minutuan Debagoienako taldea aurreratu zen area hertzeko falta bat medio. Ibartarrak ez zioten bizkarra eman partidari eta baloiarekin erritmo altua izaten jarraitu zuten, baina golean ez zuten asmatzen. Lehenengo zatia amaitzeko bi minutu faltan, aurkariaren pistan galdu eta bertakoek bigarren gola sartu zuten. Zati guztian ikusitakoagatik errenta handiegia.

Aldageletatik bueltan, bertako taldeak lerroak igo zituen eta bere defentsa pistaren hiru laurdenetan jarri zuen; Arevalorenak bigarren zatian planteamendua aldatu zuen eta 3-1 sistemarekin jokatzen hasi ziren, bertikaltasuna eta sakontasuna aurkitu nahian atezainaren sakearen bidez edo azken hau jokora ateraz. Okasioak bi aldetan gertatzen ziren eta bi atezainak ondo aritu ziren.

Zazpigarren minutuan berriro baloia galdu eta trantsizio on baten ostean 3-0ekoa egin zuten. 30 segundo beranduago Alvaro Alonsok 3-1ekoa ezarri zuen markagailuan. Martxa bat gehiago sartu zuten orduan moreek eta pibot jokoarekin bertakoen defentsan eragiten zuten. Hala ere, atezainaren lanak emaitza bere horretan mantendu zuen. Bost minutu faltan moreek ez zuten penalti bikoitzean asmatu eta segidan atezain jokalariarekin atera ziren norgehiagoka iraultzeko asmotan. Baloia galdutako hiru alditan markagailua 6-1era igo zen eta honela amaitu zen norgehiagoka.

Entrenatzaileak hitz hauek esan zituen neurketaren amaieran: “Bertakoak irabazi baino guk galdu dugu norgehiagoka hau; bertakoek baino aukera gehiago sortu ditugu, baina ezin izan ditugu gauzatu. Gol guztiak baloia jasotzeko momentuan egindako okerreko keinu teknikoengatik baloia galtzeagatik etorri dira eta altura honetan akats horiek ezin dira egin. Maila teknikoak ditugun gabeziak jakitun gara, baina aitzakiarik ez da jarri behar. Atezain jokalariarekin nahiko gaizki egon gara, konfiantzarik gabe; zure markoari bakarrik begiratzen diozunean, aurkariari begiratu gabe, parekoak beldurra irakurtzen du eta egurtu egiten zaitu. Kirol honetan ez du proposatutakoak irabazten, gol gehien sartzen duenak baizik; eta atal honetan jipoitu egin gaituzte”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!