Lehenengo eta behin, garrantzitsuena, Alfredo Hualderen mutilak Zierbena indartsuari irabazi beharko diote; hasiera batean, egun betetzen duena baino postu altuagoan egotekoa zen talde bat. Bigarrenik, Lauburu txapeldun bilakatu eta garaipen-oihua abesteko, Alzira Nitida taldeak Laskorainen kontra galdu edota berdindu egin beharko du. Patuak hala nahi izanda, sei erkidego desberdinetako taldeekin osatzen den liga hau, 3 kilometro eskasera jokatuko diren bi norgehiagoketan erabakiko da. Eskualdearentzat ohore galanta.
Moreei dagokienez, larunbateko neurketa unearen araberakoa da: exijentzia handikoa eta parekatua. Talde baten edo bestearen sailkapenak asko inporta ez duen klasiko handi bat kategorian. Bizkaitarrak Belabietan irabazteko asmo guztiekin aterako dira kantxara eta hori lortzeko aukera guztiak agortzen ahaleginduko dira. Denboraldi irregular honetan, Mikel Azkorrak entrenatutakoak ia bukaeran lortu dute jarraipena; azken bost norgehiagoketan lau garaipen lortu dituzte.
Ibartarrak, denboraldi guztia partida bakar batean jokatzera joango balira bezala iritsiko dira. Egindako lanarekin harro alde batetik, eta aurrean duten erronkarekin arduratsu bestetik, Alfredoren taldeak aitzakiarik gabe hartuko du azken bataila. Zuhaitz baja izango da, eta Joseba bertan egoten ahaleginduko da. Beñatek, Zumetak eta Andoni Agirrezabalak, aste honetan, duten minagatik zaintza berezia behar izan badute ere, norgehiagoka hau galduko dutela pentsatzea zaila egiten da.
Ibarrako entrenatzaileak bere iritzia eman digu larunbatekoaz: “Ez da partidu bat gehiago, eta jokalariek badakite hori. Lehendabiziko lana, erabateko kontzentrazioa izatea gure norgehiagokan, kanpoan zer gertatzen den begiratu gabe. Gure bertsiorik onena ematea ez den guztiak Zierbena menderatzeko aukerak kenduko dizkigu, eta handik aurrera kontuk egitea alferrik izango da. Denboraldi berezi hau berresteko ilusioa daukagu eta gure lana ongi betez egin nahi dugu. Ea guzti honek poz izugarri bat ematen digun eta klub zoragarri honen historian orri garrantzitsu bat idaztea lortzen dugun. Lantaldeak, direktibak eta zaleek merezi dute eta hori lortzeko dena emango dugu”.
Belabietan izango da, 18:00etan, ordutegia bateratu egin da-eta. Norgehiagoka hasi aurretik bi taldeak Laubururen 2003ko kadeteen taldeari ondo merezitako omenaldia eskainiko die, pasa den astean Euskadiko txapeldun bilakatu zen-eta. Titulu honek Espainiako Kadeteen txapelketan parte hartzea ahalbidetu dio taldeari.
Ohiko moduan, norgehiagokaren nondik norakoak klubaren Twitter ofizialean irakurri ahal izango da.
Ez ahaztu: LARUNBATA, MAIATZAREN 25ean, 18:00etan
Oharra: norgehiagokaren atsedenaldian, Belauntzako Ostatuk eskainita, bazkide guztien artean bi lagunentzako bazkaria zozkatuko da.