Norgehiagoka ez zen ondo hasi ibartarrentzat. Behar adinako kontzentraziorik gabe atera ziren eta laugarren minuturako 2-0eko emaitza zuten jada markagailuan. Errioxarren martxa bat gehiagorekin atera ziren eta lehenbiziko minutu horiek aprobetxatzen jakin izan zuten. Moreek hutsartea eskatu ostean ongi erreakzionatu zuten; baloiaren jabetza izaten hasi ziren eta lehenbiziko gol aukerak sortu zituzten, guztiak bertako atezainak partida guztian egindako lan bikainarekin alderatuak izan zirelarik. Bertako taldeak atezain jokalariarekin ezustekoa eman zuen, bere atea arriskuan jarri gabe, ibartarrei korriarazteko ongi landuta ekarri zuten jokaldia. Egoera honek norgehiagokaren erritmoa hausten zuen moreen galerako. 2-0eko emaitzarekin amaitu zen lehenengo zatia, ibartarrak estrategian edota posizio-erasoan aukera garbiak izan zituzten, baina azken metroetan ez zuten asmatu.
Bigarren zatian ez ziren gauzak aldatu; Arevaloren mutilak arrisku ekintzak lotzen saiatzen ziren errioxarren pista erdian zain geratzen ziren bitartean, handik kontrara ateratzeko asmoz. Baloia berreskuratzen zutenean 5x4 egiten zuten jabetza mantentzeko. Hamahirugarren minutuan bertakoek 3-0ekoa markatu zuten ibartarrek aurkariaren kantxan baloia galdu eta gero. Handik minutura atezain jokalaria atera zuen talde moreak eta lehenbiziko aukeran Oier Goikoetxeak sartu zuen 3-1ekoa. Bisitariek saiatzen jarraitu zuten eta aukera batzuk ere izan zituzten, baina markagailua horretan geratu zen zoritxarrez.
Partidaren amaieran entrenatzaileak hitz hauek esan zituen: “Kantxara behar den bezala ez ateratzeagatik astean zehar landutako guztia lehenbiziko lau minutuetan galdu dugu, eta handik aurrera bagenekien zaila izango zela. Logroñok atezain jokalaria erabiltzen du norgehiagoketan erritmoa hausteko eta guri jokaldi hori barneratzea asko kostatu zaigu. Aukerak sortu ditugu eta azken metroetan ez dugu asmatu, baina norgehiagoka benetan, lehenbiziko lau minutuetan galdu dugu. Handik aurrera gure mailan jokatu dugu partida osoa. Ezin da inoiz ezer oparitu, gutxiago gainera, gure moduan, daukagun gol defizit handia edukita. Horrela ikasten da eta datozen jardunaldietarako eskarmentu gisa balio izatea espero dugu”.
Beste aldetik, pasa den larunbatean Donostiako Gaska kiroldegian jokatu zen infantilen Gipuzkoako Koparen finala eta Uzturpe Lauburuk 4-2 galdu zuen Berastegi Orixeren kontra. Zorionak Berastegiko taldeari, Euskadiko jokoetan eta Espainiako Txapelketaren aurreko faserako sailkatu baita. Zorte on.