Biribila

Erabiltzailearen aurpegia Ane Artutxa 2019ko maiatzaren 10a

Azken jardunaldian etxean jokatu beharko genukeen partida aurreratu, eta Pazko astean jokatu genuenez, maiatzean sartzearekin batera, Belabietan jokatu beharreko partidei amaiera eman genien, ostiral iluntzean.

Aurreko partidetan, joko ona erakutsi arren, emaitzak ez ditugu aldeko izan eta, beraz, amaiera zertxobait biribilagoa emateko gogotsu ginen.

Hiru urte hauetako ohiturari jarraituz, partida aurretik mahaiaren bueltan elkartu ginen, kontzentraziorako kafe dosia hartzeko prest.

Aurrean aurkari gogorra genuen arren, dena ematera atera ginen kantxara, eta baita lortu ere. Aspaldian ez bezala, ostiral iluntzeko partidan dena ondo atera zitzaigun, eta golak ere bata bestearen segidan iritsi ziren, jokaldi biribilak sareratu, eta are gehiago biribilduz. Amaieran, 8-1eko emaitzarekin, kabitu ezinik geratu ginen, Belabietan elkartutako zaleen aurrean.

Hemendik, eskerrak eman nahi dizkiegu denboraldi osoan zehar bidelagun izan ditugun jarraitzaile gutxi baina fidelei.

Ohitura onekin jarraituz, mahaiaren bueltan eman genion amaiera jardunaldiari. Oraindik azken neurketa bat dugu, eta, azkenak utzitako zapore gozoarekin, dena ematera aterako gara, denboraldi gorabeheratsuari amaiera ezin hobea emateko asmoz. Aupa Lauburu!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!