Guadalajarako garaipenak ametsa luzatu dio Laubururi

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2019ko api. 9a, 11:57

Asko landutako garaipena lortu zuen Lauburuk etxetik kanpora jokatutako norgehiagokan; defentsa on batean oinarrituta, lehenengo zatian bertakoek sartutako golari buelta ematea lortu zuen eta bigarrenean, estrategia gol batekin aldea handitu eta lehiatzen jakin izan zuen amaiera arte errenta mantenduz.

Hasiera bikaina egin zuen Lauburuk eta partiduko lehenbiziko minutuak moreak izan ziren; baloi-oste eta amaiera bizkorrekin eragindako presioak lehenbiziko gol-okasioak sortu zituzten. Hala ere, bertakoen kasta agerian geratu zen eta jokalari batzuek duten kalitatea aprobetxatuz Lauburuko defentsa estutzen hasi ziren. Langara jaurtiketa bat edota Peñak egindako lan onak lehenengo zatiaren erdira arte markagailua hutsean mantendu zuten. Ondoren, moreak iritsiera garbi batzuk egin zituzten, atezaina gainditzea lortu gabe, baina etorriko zen golaren atarian zeuden, Jonathan Garciak jaurtiketa zuzen batekin Peña gainditu eta sare morean sartu baitzuen. Atsedenaldirako bost minutu bakarrik geratzen ziren eta Ibarrakoek azken segundora arte aprobetxatu nahi izan zuten. Aurrena, penalti bikoitzean Andonik ez zuen asmatu, baina handik pixka batera, Oihanek area hertzean alderatutako baloi bat jaso eta bolean Javiren atean sartu zuen, markagailua banako berdinketara igoaz. Lauburu ez zen konformatu honekin eta azken bi minutuetan golaren bila ibili zen. Azken minutuan Aitzolek baloi bat ostu eta tiro trebe baten bidez, sarean sartu zuen. Halaxe erretiratu ziren aldageletara, markagailuak kantxan ikusitakoa islatzen zuela jakinda.

Aldageletatik bueltan, agintea Guadalajarak hartu zuela zirudien. Bi jokalari Peñaren aurrera iritsi eta gol-aukera on bat izan zuten, baina Peñak emaitza mantentzen jakin izan zuen. Hurrengo jokaldian, Antxonek 1-3ra igo zuen markagailua; estrategia jokaldi batean Oihanek area erdira pasa zion anaiari baloia honek errematea egin zezan. Hemendik aurrera, bertakoek baloiaren jabetza lortuz, norgehiagokaren agintea hartu zuten, baina Lauburuk armarik onena atera zuen, bere defentsa, eta bertakoen erasoei eustea lortu zuen; gainera, kontra bizkorrekin zein pibotean oinarritutako joko zuzenarekin susto batzuk ere eman zituen. Azken minutuetan Guadalajarak bostekoaren alde egin zuen, baina berriro moreen defentsa bikainak maila handia eskaini eta errenta mantentzea lortu zuen.

Hiru puntuak beraz, Ibarrara; honek lehenbiziko hiru sailkatuen artean mantentzen jarraitzeko aukera ematen du eta honekin datorren urtean berriro Errege Kopa jokatzeko aukera. Urrun geratzen da oraindik hala ere, denboraldia amaitzeko sei final izango ditu-eta, aurrean Lauburuk. Datorren astean Belabietan izango da hauetako bat, Santurtziren kontra.

#AukeratumoreeginLauburu #GoazenLauburuKEIbarra



NORGEHIAGOKAREN XEHETASUNAK

 

CD CIUDAD DE GUADALAJARA FS: Javi Lozano, De las Heras, Alvaro, Carlos eta Romera.

Jokatu zuten beste jokalariak: Diego, Andres, Ivan, Robledo, Jonathan García eta Christian.

 

LAUBURU K.E. IBARRA: Peña, Antxon (1), J. Saldise, Aitzol (1) eta Zumeta.

Jokatu zuten beste jokalariak: Oihan (1), Garmen, Dani G., Andoni, Beñat Aldalur eta Joseba.

 

TXARTEL HORIAK: A. Carlosena, Garmen eta Dani García (LAUBURU K.E. IBARRA) / Diego eta Christian (CD CIUDAD DE GUADALAJARA FS)

GOLAK

1-0MIN 15 Jonathan García

1-1MIN 17 Oihan

1-2MIN 20 Aitzol

ATSEDENA

1-3 MIN 35 Antxon

 

EPAILEAK

Luis Manuel Manso Martin (Madrilgo Komitea)

Roberto Villa Anguita (Madrilgo Komitea)

 

KRONOMETRATZAILEA

Daniel Hernandez Granizo (Gaztela Mantxako Komitea)

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!