Laubururentzat izan da berriro eskualdeko derbia

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2019ko mar. 26a, 19:59
Lauburu Ibarra eta Laskorain taldeetako kideek bat egin zuten Korrikarekin.

Partida oso parekatua golen aldetik, eta emozioa azken segundora arte, Tolosaldeko areto futboleko bi talde nagusien artean: Ibarrako Lauburu eta Tolosako Laskorain.

Bi jokamolde ezberdinak, eta bukaeran bosteko jokoarekiko bi taldeen apustua ibartarren alde atera zen. Belabieta guztiz bete zen eta zaleek emozioz beteriko partidaz gozatu ahal izan zuten.

Etxekoek jokoa menperatzen eta tolosarrei presio itogarri bat eginez hasi zuten partida. Horitxoek kantxaren erdian zentzuz defendatzen zuten piparreroen erasoak eta kontraeraso azkarrekin ezustekoak ematen saiatzen ziren. Moreen lehen aukerak iritsi ziren, baina batzuetan atezainak eta besteetan zutoinek, ez zuten utzi markagailua aldatzea.

Azkenean Laskorain izan zen lehena gola sartzen, Beñat Balerdi bere kapitainaren bidez. 10. minutua zen. Gol horrek ez zien, baina, piparreroei eragin, eta hauek berdin jarraitzen zuten baloiaren jabetza izanez eta tolosarren ateari eraso eginez. Moreak bost aldiz topatu ziren zutoinekin lehen zatian. Baina lehen zatia amaitzeko bost minutu falta zirela, Carlosena txikiak gola sartu eta berdinketa lortu zuen. Banakoarekin bukatu zen lehen zatia.

Bigarrena gidoi berdinarekin hasi zen, baina bisitariak martxa bat gehiagorekin hasi ziren eta pare bat ezusteko eman zizkioten etxekoei; Joseba atezainak oso ondo konpondu zituen eraso horiek. Zutoinek Laskorainen alde jarraitzen zuten, baina sei minutu falta zirela partida amaitzeko, Oihanek beste gol bat sartu zuen. Hortik aurrera Laskorainek bosteko jokoa atera zuen, eta hiru minuturen faltan Beñatek binakoa lortu zuen buruz.

Bere aldetik, Lauburukoek Oihan atera zuten atezain-jokalari moduan, eta berak eman zion pasea bere anaia Antxoni honek hirugarren gola sartzeko. Azken hiru minutuak emozio handikoak izan ziren, baina Lauburuk ondo babestu zuen bere abantaila.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!