Berebiziko garrantzia duen jardunaldia Iruñan

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2019ko mar. 15a, 18:25

A.D. SAN JUAN - LAUBURU K.E. IBARRA

Ibarrari jokatzeko geratzen zaizkion 9 jardunaldiak final moduan jokatuko baditu, larunbat honetakoa finaletan finala dela esan beharko genuke; ibartarrak Iruñara joango dira aurkari “kutun” baten kontra jokatzera, denboraldi honetan eta aurrekoan ere, kirolezko helburu berak partekatzen dituen aurkaria hain zuzen.

Soberan dago esatea beraz, larunbateko norgehiagokaren garrantziaren tamaina. Joaneko jardunaldian berdindu ostean, neurketa hau irabazten duena titulua lortzeko hautagai zuzena izango da eta Alfredo Hualderen mutilak erronka honi aurre egiteko konfiantza guztia dute. Alta, moratuek aurkari honen kontra jokatu duten lau norgehiagoketan ez badute galdu ere, San Juan Kirol Elkartearen kantxan jokatzea oso zaila da. Iker Bizkairen taldea urte asko batera jokatzen daramatzaten bloke bat da, eta azken denboraldietan gainera, hain ondo zaintzen duten harrobitik etorritako hainbat gazteekin osatu dute. Lantaldea Lauburuk aspalditik ezagutzen duen jokalari batek ere osatze du, Igor Echarri; Ibarrako zaleen artean oroitzapen bikaina utzi zuen jokalaria.

Lauburu entrenamenduetan normaltasun pixka bat berreskuratuta iritsiko da hitzordu honetara, inauterien garaiak beti aztoratzen baitu klubeko martxa. Lesioek ere gerra ematen jarraitzen dute eta Alfredo Hualdek ukitutako jokalari batzuekin kontatu beharra izango du deialdia osatu nahi badu. Aitzol eta Andoni Agirrezabala dira ukitutako jokalari horiek; Zuhaitzek ezingo du jokatu sorbaldako arazoak medio eta Javi Saldisek denbora hartuko du inork galdu nahi ez duen norgehiagokara baldintzarik onenean iristeko.

Norgehiagokaren zailtasunaren gainetik, Alfredo baikor agertu da: “Norgehiagoka berezia da, aurkari berezi baten kontra, eta bi taldeak bertara iritsiko garen egoerak oihartzun handiagoa izatea eragiten du. Barru-barrutik abstraitzea tokatzen da, kontzentratu eta ahalik eta xehetasun gehienei jarri atentzioa. Elkar hainbeste ezagutzen duten bi aurkarien arteko norgehiagokan gauzarik txikienak ere, alde batera edo bestera eraman dezake emaitza. Partida honetara sari handienaren alde jokatzeko eskubidea irabazi dugu, beraz, presio honetaz gozatzea eta guztiaren bila goaz; taldeak eta jarraitzaileek merezi dute”. Norgehiagoka

19:00etan izango da San Juan Kirol Elkartearen eraikinean. Ibarrako espedizioa Belabietatik aterako da 16:00etan.

Ohiko moduan, norgehiagokaren nondik norakoak Klubeko Twitter bidez jarraitu ahal izango dituzue.

Ez ahaztu: LARUNBATA, MARTXOAREN 16a, 19:00etan

#AukeratumoreeginLauburu #GoazenLauburuKEIbarra

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!