Lauburu Ibarra Mahala hiru punturekin itzuli da Kantabriatik

Erabiltzailearen aurpegia
Lauburu Ibarra Mahala hiru punturekin itzuli da Kantabriatik

Lauburu Ibarra Mahalak 0-6 irabazi zion Mar Rock talde kantabriarrari ligako hemezortzigarren jardunaldian eta denboraldiaren amaierarako konfiantza irabazten joateko garaipen bat gehiago pilatu du. Talde moreak jokoaren alderdi guztietan partida on bat burutu zuen eta norgehiagoka menderatu hasieratik bukaeraraino. Moreek egindako jaurtiketen kopurua kontuan hartuta emaitza motz geratu zen.

CDE Mar Rock "A" - Lauburu Ibarra Mahala (0-6)

Ibartarrena izan zen lehenengo sakea eta zazpi segundora jada egurrean jo zuen jaurtiketa bat egin zuten. Arevaloren mutilak konbinazio bizkorrak egiten saiatzen ziren, Kantabriakoen defentsa desdoitu nahian. Aurkariak oso defentsa kontserbadorea erabili zuen, 15 metroetan itxaroten zuten ibartarren akatsen batek ekintza arriskutsua sortzea ahalbidetuko zielakoan. Erasoan gutxi landutako 3-1eko jokoarekin eta joko zuzen dezentearekin, bigarren ekintzen bila ibili ziren eta ibartarrak baino handiagoak zirenez, fisiko aldetik gailentzen saiatu ziren. Talde moreak 18 tiro egin zituen aurkariaren atera lehenengo zatian, batzuk zutoinera eta beste batzuk kanpora, 19:59 minutuetan ez ziren emaitza mugitzeko nahikoa izan. Lehenengo zatia amaitzeko segundo bakarra falta zela, Javi Ayerbek bere atetik sake luze bat atera zuen eskuz eta aurkariaren atezainak, ezjakinagatik ziurrenik, atean sartu zuen baloia. Ibartarren pozerako 0-1eko emaitzarekin joan ziren aldageletara.

Bigarren zatiaren hasiera berdina izan zen, lehenbiziko erasoaldi morea eta Beñat Bengoetxeak, ate hutsean eta atezaina menderatua egonik, kanpora bota zuen baloia Ibarrakoen desesperaziorako. Kantabriarrek defentsa bera egiten jarraitu zuten eta bandako sakeetan 5x4ko ekintzak egiten saiatzen ziren atezaina aurreratuta. Bigarren zatiko bosgarren minutuan Oier Goikoetxeak egin zuen 0-2koa taldearen kontraeraso on baten ostean. Ibartarrak aukera garbiak izaten jarraitzen zuten, baina gauzatzeko zailtasun ugari. Zortzi minutu falta zirela Ion Ander Cuadradok 0-3koa egin zuen taldeko ekintza kolektibo baten bidez. Hiru minutu beranduago, Oier Goikoetxeak 5x4ko defentsan baloia ostu eta 0-4 ezarri zuen markagailuan. Minutu baten faltan eta ekintza berdin batean berriro Oierrek 0-5 egin zuen, eta dena erabakita zegoenean Gurruk 0-6koa, norgehiagokari amaiera emanez. Ibartarrak oso partida serioa jokatu zuten, bertako taldeari inolako aukerarik eman gabe.

Amaieran entrenatzaileak honela esan zuen: “Gure mailara jokatuz gero, gu menderatzea oso zaila da eta gaur oso lehiakor jokatu dugu. Egindako lanarekin eta garaipenarekin oso pozik goaz. Aurkariaren atera 39 aldiz bota eta 6 gol bakarrik lortzea nahikoa datu eskasa da, baina fintzen joan behar dugun gauza bat da. Bihartik aurrera Zierbenaren kontrako partida prestatzen hasiko gara. Kategoria honetan ikusten ohituak gauden  defentsa estilo desberdina du talde honek; erasorako arauak garbi izan beharko ditugu irabazi nahi badugu eta azken asteetako bolada onarekin jarraitu nahi badugu”.


Auzia ez da izan ala ez izan. Kontua ekitea da. Atarikide egitea, euskararen aldeko hautua egitea, zure herrian gauzak antolatzea, horren berri ematea, etxetik plazara salto egitea. TOLOSALDEKO ATARIA egiten duzun hori da. Egiten duzun neurrian gara.


EGIN ATARIKIDE!