Joanes, jubenilen Ohorezko Mailara etorri den jokalaria

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2019ko ots. 16a, 18:42
Futbol 11n Tolosa C.F. eta Real Sociedad taldeetan hainbat denboraldi bikain burutu ostean, akordio bat itxi du klubak Tolosako jokalari honekin denboraldi bukaera arte.

Joanes Tijero Drabasak 18 urte bete berri ditu eta Tolosa CF taldeko azpiko kategorietatik dator, jubenilen Liga Nazionaletik hain zuzen. 17/18 denboraldian sartu zen bertan, lau denboraldiz Real Sociedad taldearen azpiko kategorietan ibili eta gero; bi denboraldi infantiletan eta beste bi, lehenbiziko urteko kadete mailan eta euskal ligan hurrenez hurren.

Arevaloren taldean entrenatzen bi hilabete daramatza Joanesek, kirol honetara eta jokatzeko erara egokitzeko prozesuan dihardu. Klubarekin itxitako akordioa egungo denboraldia amaitu artekoa eta beste denboraldi bat gehiagokoa da, bere jubenil garaia amaitu arte, hain zuzen.

Kategoria Nazionaleko bi taldeen egituran lanean ari da jada kluba, bai berritzeekin bai gehikuntzekin. Estatuko azpiko kategoria gorenari buruz Areto Futboleko Komite Nazionalak berregituraketei buruz egindako jakinarazpenak, klubeko kirol zuzendaritzak eta bi kategorietako teknikoek talde hauen prestatze lanetan aritzea eragin du.

Alex Alonsok Bigarren B Nazionaleko taldea utziko du

Ezin izan da. Azkenean Eibarko jokalariak ezin izan du bere lesiotik osatu; kategoria honek duen exijentzia mailaren pareko hobekuntza ez behintzat.

Jokalaria bera izan da, kluba uzteko eskaera egin duena, honela entrenamendu erritmo txikiagoa duen beste proiektu baten parte hartu ahal izateko. Lesioa zertan geratzen den argitzen den bitartean onena akordioa etetea zela ulertu dute bi aldeak. Klubak lesiotik erabat osatzea espero du eta hainbeste gustatzen zaion kirolaz gozatzen jarraitzeko aukera izatea ahalik eta bizkorren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!