1-3 irabazten joan ziren moreak, baina ezin izan zuten bigarren zatian lortutako bi golen errenta mantendu eta xehetasunetan erabaki zen norgehiagoka parekatu bat galtzen amaitu zuten.
Ibartarren aldeko sakearekin hasi zen neurketa; lehenengo ekintzetan bertako taldearen atera hurbilketa batzuk egin ondoren, aurkaria izan zen markagailuan aurreratu zena hirugarren minutuan, jokaldia osatzeko garaian moreek egindako akats bat medio. Ibarrako taldea baloia bizkor mugitzen saiatzen zen aldetik aldera, Bilbokoen defentsa desdoitzeko.
Defentsa arloan, ibartarrak oldarkor agertu ziren baloirik gabe eta kontrara bizkor ateratzeko defentsa ona egiten saiatzen ziren. 12. minutuan, taldeko lan bikain baten ostean, Iraitz Beak berdinketa ezarri zuen markagailuan. Ibartarrek partida serioa egin zuten defentsan eta erasoan arriskutsuak agertzen jarraitzen zuten. Estrategia ekintzetan ez ziren oso fin ibili Arevaloren mutilak; area ertzeko bi falta aprobetxatzen ez zuten asmatu eta jo errazak zituzten hainbat korner edota alboko sake batzuk ez zuten atea aurkitu. Emaitza horrekin amaitu zen lehenbiziko zatia.
Bigarrenaren hasiera ezberdina izan zen; bertakoek intentsitate handiagoz estutzen zuten eta ibartarrak ekintza bertikalagoak bilatzen zituzten. Laugarren minutuan Iraitz Beak 1-2koa jarri zuen markagailuan beste ekintza kolektibo on batean. Aldeko jarri zen, beraz, norgehiagoka eta lau minutu beranduago are gehiago: Beñat Bengoetxeak 1-3koa egin zuen pibot postuan burututako ekintza indibidual on baten ostean. Alta, gol honen pozak gutxi iraun zuen; 30 segundora 1-4koa izan zitekeen ekintza bat 2-3koa izatera pasa baitzen.
11 minutu geratzen ziren eta norgehiagoka erabaki gabe jarraitzen zuen. Bederatzi minutu falta zirela, ibartarren defentsa txar batek bertakoen berdinketa-gola ekarri zuen. Asko geratzen zen jokatzeko oraindik eta bi taldeak laugarren gola nahi zuten, baina emaitza geldirik jarraitzen zuen. Hiru minutu faltan ibartarrek bostekoa atera zuten garaipena lortu nahian, baina baloia galdu zuten batean emaitza bertakoen alde jarri zen. Moreak saiatu ziren baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta hiru puntuak Bilbon geratu ziren.
Norgehiagokaren amaieran, entrenatzaileak honela zioen: “30 minutuz kontrolpean izan dugu norgehiagoka, eta orduan emaitza gure aldeko 1-3koa zen. Balizko 1-4ko emaitzatik 2-3ra pasa gara konturatzerako, eta taldeak neurketaren kontrola galdu du. Fase honetan jokoa zoratu egin da bertako taldearen intereserako. Hiru minuturen faltan bosteko jokoaren alde egin dugu garaipena aurkitu nahian, baina ez da ongi atera eta nire ustez, merezi ez genuen porrota jasan dugu. Talde mailan lana ondo bete dugu eta akats larriak izan diren bigarren eta hirugarren golak kenduta, orokorrean taldeak galtzea baino zerbait gehiago merezi zuen, baina kirola horrela da”.
#AukeratuMoreeginLauburu #GoazenLauburuKEIbarra