Ozta-ozta ibili da baina ezin izan da

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2019ko urt. 21a, 23:41

XOTA CD FS - LAUBURU IBARRA MAHALA
Lauburu Ibarra Mahalak 2-1 galdu zuen Osasuna Magnaren etxean, bigarren itzuliko lehenbiziko jardunaldian. Defentsa arloan norgehiagoka osatu bat burutu zuten, eta aldeko emaitza lortzeko zorian egon ziren bigarrenaren kontra.

Bertako taldearen nagusitasunarekin hasi zen norgehiagoka, ibartarrak defentsa desberdinak txandakatzen zituzten eta baloia intentsitatearekin estutuz nafarren jokoan akatsak sortzen zituzten. Talde nafarrak lehenengo lerroan intentsitate maximoarekin babesten dute, hala, erasoan lauko jokoa eta 3-1ekoa pibotarekin erabili zuten moreek, bertikaltasun zuzena bilatuz. Defentsa-ekintzetako agresibitatea medio, hiru pase baino gehiago lotzeko arazoak izan zituzten bi taldeak lehenengo minutuetan. Bederatzigarren minutuan bertako taldea aurreratu zen markagailuan talde moreak nafarren pistan baloia galdu ostean. Moreek ez ziren behera etorri eta norgehiagoka berdintzeko bi aukera garbi izan zituzten, baina bertako atezainak eragotzi zuen. Lehenengo zatia amaitzeko bost minutu faltan, falta ateratzeko estrategia ekintza batean, Iraitz Beak Gurruri pasa eta honek markagailua berdindu zuen. Ikuskizun paregabea Irurtzunen jokatzen ari zen norgehiagoka; bi taldeak errotazio bakoitzean hustu egiten ziren eta ez zuten baloirik galdutzat ematen. Biek aurretik jartzen saiatu baziren ere, banako berdinketarekin amaitu zuten lehenbiziko zatia.

Bigarrengoan bertakoek erritmo altua jartzen saiatu ziren, ibartarren defentsa desdoitzeko asmotan. Arevalorenak intentsitate osoarekin babesten zuten, defentsa altuak pista erdikoekin txandakatuz. Minutuak aurrera zihoazen eta bertako taldea gero eta bertikalago jokatzen hasi ziren, moreen defentsan jokalari bat sartuz honekin jolasteko edota bandan 1x1eko ekintzak bilatuz. Talde nafarrak oso jokalari trebeak ditu 1x1ean, baina ez zuten ibartarren defentsa ordenatua eta oldarkorra gainditzea lortzen. Bigarren zati honen lehenengo konpasetan Arevaloren mutilei jokaldiak sortzea kostatzen ari zitzaien lauko jokoan eta joko bertikalarekin saiatu ziren, pibotarekin, bere areatik baloia urruntzeko asmoz. Markagailua ez zen mugitzen nahiz eta bi taldeak gol-aukera garbiak sortzen zituzten. Banako berdinketarekin jarraitzen zuten eta sei minutu besterik ez norgehiagoka amaitzeko. Bost minutu inguru falta zirela, Ibarrakoen galera batean, bertako taldeak aurreratzea lortu zuen. Gol honen ondoren atezain jokalaria atera zuten moreek, hemen ere, hazten ari dira pixkanaka eta nafarrak 12 metroetan lotuta izan zituzten; tantoa egiteko hiru aukera garbi ere izan zituzten, baina atezainaren lan bikainak ibartarrak punturik gabe etxeratzea ahalbidetu zuen.

Norgehiagokaren amaieran, entrenatzaileak balorazio hauxe egin zuen: “Taldeak merituak egin ditu gaurko egunean puntuak irabazteko, oso orekatua izan da norgehiagoka orokorrean eta azken minutuetan edozer gerta zitekeen. Autokritika egin beharrean gaude, azken hiru norgehiagoketan gol bat jaso dugu-eta, bost minutu faltan, aurkaria aurretik jarriz eta kolpe gogorra jasoaz. Hala ere, norgehiagoka bikaina jokatu dute eta partidaren azken fasean denboraldiko bosteko jokorik onena jokatu dugu. Saria eman ahal izateko amaitze hobeak falta izan zaizkigu”.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!