Beste behin

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Martinez, Gipuzkoako Liga 2019ko urtarrilaren 17a

Futbolariak bainoago, bekadunak izan gara taldean; praktikaldiak egiten ari ziren ikasleak eta ikasle ohiak. Baina, bereziki, futbolariak baino, emakumeak gara.

Futbolari emakumeak garen arren, sarritan, gure gainetik dagoen hierarkia maskulinoan, ahaztu egiten dira izenondoak, alboan daraman izenarekin.

Zergatik diodan hori? Joan den ostiralean, beste behin, ikaste prozesuan dagoen epailea jarri dute, gure partida epaitzen. Beste behin, epaile hasiberria gurekin bataiatzeko erabakia hartzeak, lehen lerrora dakar, aurrez aurre esatera ahalegintzen ez direna: gurekin akats egiteak zilegitasun handiagoa duela, maila bereko gizonekin hanka sartzeak baino.

Probarako garabiltzate behin eta berriz, behin eta berriz… Eta ez. Parez pare emakumeak gaude zelaian, eta jokoaren balantza golek baino, erabaki matxistek desorekatzea, injustua da guztiz. Adierazi ez duen falta, area kanpoan eskuekin egindako geldiketa, atera ez duen txartela, alboko sakea aurkarien alde berak bota duenean, berriz adierazi gabeko falta, barkatutako penaltia... Eta ez, denak ez du balio.

Jokoa jolas egiten saiatzen gara. Baina jolasaren funtsa errespetua da. Eta emakume izate hutsagatik arauak lausotzea, ez ikusiarena egitea, ez da errespetuzkoa. Eta errespetua eskatzen dugu, beste behin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!