Bi taldeak oso bizi atera ziren norgehiagoka hasieran eta honek bi ateetara iristea ahalbidetu zuen. Gola sartzen lehena Juve izan zen, zazpigarren minutuan Alexek bandatik pase bat saretara bidali zuenean. Gol honek suspertu egin zituen moreak eta bi minutu beranduago markagailuari buelta eman zioten. 1-1ekoa Andonik egin zuen, Cramerren alderatze bat jasotzerakoan; eta 1-2koa Antxonek, zutoinaren ondotik sartu zen jaurtiketa batekin. Moreak ederki ari ziren presioan, Burgosko taldeari egiten utzi gabe, eta baloiarekin bestearen areara erraz iritsiz. Honela, atsedenaldiaren aurretik Oihanek beste bi gol gehiago egitea lortu zuen, lehenengo zatia 1-4ko emaitzarekin amaitu zutelarik. Lehenengoa jokaldi pertsonal baten ostean zuzenean botatako tiro batekin egin zuen, postean jo eta sareetara sartuz. Bigarrena penalti bikoitzean izan zen; hasieran ez zuen asmatu, baina alderatzean berriro bota eta orduan sartu zuen.
Aldageletatik bueltan, lehenengo minutua zorabiagarria izan zen. Norgehiagoka erabakita utziko zuten bi gol erratu zituzten Ibarrakoek, atezainarekin izandako bi aurrez-aurrekoetan. Bertako taldeak berriz, lehenengo iritsieran lortu zuten bere bigarren gola; Alexek korner batean errematatu, defentsa batek aldendu eta sartu zen atean. Gaztelakoei hauspoa eman zien gol honek eta hiru minutu beranduago Samuk 3-4koa markatu zuen, bertako zaleen pozerako. Handik aurrera gol aukera batzuk sortzen hasi ziren moreak, baina batzuetan Cramerrek egindako lanagatik eta bestetan postea jotzen zutelako, markagailua ez zen mugitzen. Faltak pilatuz joan ziren bi taldeak eta hau erabakigarria izan zen partidaren azken unetan. Zazpi minutu falta zirela Ercillak penalti bikoitza aprobetxatu eta markagailuan berdinketa jarri zuen. Lauburuk orduan, bere estiloari jarraituz, atezain-jokalaria atera zuen, baina ez zuten aurreratzea lortu eta polemika sortu zuen jokaldia iritsi zen. 40 segundo faltan penalti bikoitza moreen alde eta egilea Andoni. Eskuadrara estu-estu bota eta gola sartu zuen, Laubururi garaipena emanaz, baina ospatzen ari zirenean, epailetako batek jaurtiketa errepikatu egin behar zela erabaki zuen, tiroaren aurretik gunea inbaditu omen zelako. Ulertezina izan zen, baina Andonik berriro bota behar izan zuen, eta oraingoan kanpora joan zitzaion. Modu krudel honetara amaitu zen norgehiagoka. Balio handiko berdinketa bat bertako taldearentzat eta zapore garratza baino garratzagoa ibartarrentzat.
Jardunaldiaren analisiak sentsazio onak utzi ditu hala ere, izan ere, lantaldeak gaixotasun mota guztiak izan ditu astean zehar, entrenamenduen plangintza guztia alteratuz eta Burgosera jokalari gutxiagorekin bidaiatzea behartuz. Aurkari zuzenen emaitzak ikusita, argi ikusten da bigarren itzulian ateratako puntu bakoitza asko kostata izango dela; Eta larunbatean lortutako puntua oso baliotsua da. Hemendik aurrera, lantaldea osatzea eta hurrengo jardunaldiari begira jartzea tokatzen da baldintza guztiekin lehiatu ahal izateko. Datorren larunbatean Belabietara itzuliko da Lauburu eta Bizkaiako Otxartabe taldea izango du aurrean.
#GoazenLauburuKEIbarra #AukeratumoreeginLauburu
XEHETASUNAK
JUVENTUD CÍRCULO BIGMAT FONTECHA: Cremer, Miguel, Oli, Ercilla, Isra
Beste parte-hartzeak: David, Pablo, Álex, Samu, Fer y Guille.
LAUBURU KE IBARRA: Zuhaitz, Zumeta, Antxon, Javi Saldise, Adri
Beste parte-hartzeak: Andoni, Garmen, Oihan, Oier, Peña eta Joseba
TXARTEL HORIAK:
Miguel, Alex, Oli eta Ercilla (JUVENTUD)
Andoni, Zumeta, Antxon, Oihan, Javi Saldise eta Zuhaitz (LAUBURU K.E. IBARRA)
GOLAK
1-0, min. 7: Álex
1-1, min. 10: Andoni
1-2, min. 12: Antxon
1-3, min. 15: Oihan
1-4, min. 18: Oihan
ATSEDENA
2-4, min. 21: Álex
3-4, min. 24: Samu
4-4, min. 33: Ercilla
EPAILEAK
Roberto Aragón González (Madrilgo Komitea)
Derand Sallabanda Andane (Madrilgo Komitea)
KRONOMETRATZAILEA
Rocío Santamaría Pérez (Burgosko Komitea)