Lauburu Ibarra Mahalak laugarren garaipena jarraian egin du (3-2)

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2018ko abe. 27a, 21:29

Lauburu Ibarra Mahalak 3-2 irabazi zion Eskoriatzari, norgehiagoka honekin bere laugarren garaipena jarraian egin zuelarik. Ibartarrak azken asteetan izandako emaitza onak medio, moral altuarekin iritsi ziren norgehiagoka honetara, baina bi taldeen arteko lehiak intentsitate handiarekin jokatzea eragiten du, exijentzia maila handituz; Gurru kapitainaren azken orduko bajak, gainera, zailtasun-plus bat gehitu zion neurketari.

 

Bisitariek partida estutzen hasi ziren, 3-1eko jokoarekin eraso eginez eta 1x1eko ekintzak bilatzen, ibartarrak gainditu nahian. Arevaloren mutilak pistaren ¾ eta ½ txandakatzen zituzten defentsak, baloia osteko eta kontrara ateratzeko asmoz. Norgehiagokaren hirugarren minutuan bisitariek aurreratzea lortu zuten, kanpoko jaurtiketa on bat Javi Ayerbek babestutako eskuadratik sartu zutenean. Gol honen ostean, talde moreak aurrera pauso bat eman zuen eta lehenbiziko gol aukerak sortzen hasi zen. Norgehiagoka oso bizi eta polita zihoan, baloi bakoitza intentsitate handienarekin borrokatzen zelarik. Zortzi minuturen faltan Iker Zubelzuk berdinketa egin zuen, Alvaro Alonsok lehenengo lerroan ostu eta Ikerri pasa zionean, honek gol egin zezan. Emaitza honekin amaitu zen lehenbiziko zatia, nahiz eta bi taldeak markagailua handitzeko aukera izan zuten.

Golaren bila atera ziren bi taldeak bigarren zatian; Eskoriatzako taldeak dituen jokalari bizkorrak eta duen lan taktiko onagatik talde moreak sufritu egin behar izan zuen bigarren zatiko minutu askotan. Jokalari moreak sufritzen dakite eta oso saiatuak dira; errotazio bakoitzean jokalari bakoitzak dena emanez, ez dute inoiz etsitzen eta denboraldia aurrera doan heinean, edozein aurkariaren kontra jokatzeko adina abilezia tekniko eta taktiko hartzen joan dira. Amaitzeko sei minutu faltan, bisitariek berriro aurreratu ziren markagailuan; norgehiagokaren fase garrantzitsu batean gertatu zen eta egoera kritiko bat izango zela ematen bazuen ere, talde moreak berezko izaera hori atera zuen eta atezain-jokalariarekin ateraz, Ion Ander Cuadradok binako berdinketa ezarri zuen jokatzeko oraindik bi minutu falta zirela. Gehiago nahi zuten eta bostekoan erasotzen jarraitzeko prestatuta zeuden, baina korner bat ateratzean, Alvaro Alonsok egindako pase bikain bat Iker Zubelzuk errematatu zuen eta 3-2koa ezarri zuen, harmailetan eromen gozoa sortuz. Gol honen ostean, bisitariek izan ziren bosteko jokoarekin atera zirenak eta konbinazio on batean markagailua berdintzeko zorian egon ziren berriro, zorionez lortu gabe eta hiru puntuak etxean geratuz.

Norgehiagokaren amaieran entrenatzailearen hitzak ondorengoak izan ziren: “Jokalariak zoriondu nahi ditut lehenik, talde honen jarrera izugarria baita. Baloi bakoitza azkena bezala borrokatzen da eta harro sentiarazten dit aldaketaren tokira esprintean joateak; kideari tokia utziz esfortzuan denak batera daudela erakutsiz. Bigarren zatian min handia egin digu aurkariak eta gaizki pasa dugu, ez ditugu behar bezala doitu markak une zehatzetan, baina taldea ez da desegin eta azken minutuetan trebezia handiagoa izan dugu xehetasunetan. Horrek eman digu garaipena”.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!