680 kilometro gailurrera bidean

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2018ko abe. 7a, 07:56

FUTSAL IBI – MUSEO DEL JUGUETE C. F.S. - LAUBURU K.E. IBARRA

Lauburuk ikasturte honetako irteerarik luzeenari egingo dio aurre asteburuan. Asteburua diogu, ibartarrak ostiralean aterako baitira Alacantera bidean, larunbatean Futsal Ibi-Museo del Juguete CFS taldearen kontra jokatzeko asmoz. Antolakuntza aldetik esfortzu handia izan da klubarentzat eta lantaldea ere kontzientea da jokoan dagoen puntu bakoitzaren balioaz.

Lidergorako puntu bakarrera eta tarte estu horretan sei talde egonda, Alfredo Hualderen mutilak pasa den asteko arantza kentzen saiatuko dira, amaierako 15 segundo faltan ihes egin baitzien garaipenak eta lidergoak. Larunbatean saiatuko dira berriro sailkapenaren gailurra zapaltzen.

Erronka zaila da ordea. Ibiko taldeak Alzira indartsuari irabazi zion pasa den astean bere gotorlekuan eta ziurrenik, Carlos Navarrok entrenatutako mutilak adorez beteko zituen garaipen honek. Brontze kategoria honetan debuta aurten egin badute ere, Ibi taldea irmo kokatu da bertan, eta une honetan 19 punturekin zazpigarren postuan dago buruko sei taldeen atzetik. Kluba 2009an sortu zen areto futbolak zaletasun handia duen eskualde batean eta egun, federatutako hainbat talde ditu, emakumezko zein gizonezkoenak. 2009. urtera arte, Ibik Zilarrezko Mailan taldea izan zuela kontuan hartu behar da.

Laubururi dagokionez, lesioek lantalde morearen potentziala mintzen jarraitzen dute. Aste honetan Javi Saldisek eta Adrianek ezusteko bana izan dute eta norgehiagokaren eguna arte zalantza izango dira; honi Zuhaitzen baja gehitu behar zaio, baino alderdi ona Zumeta bizkarreko minaz osatu dela da, eta larunbatean norgehiagoka jokatzeko gai izango dela. Jokalari batzuk ukituak daudelarik, Ibarrako espedizioa beraz, eskura dauden beste jokalari guztiekin osatuko da, larunbatean bertan erabakiko delarik.

Entrenatzaile moreak honela zioen bidaia hasi aurretik: “Eskura ditugun baliabide guztiak jarrita saiatu gara norgehiagoka hau prestatzen. Ibira lehiatzera eta etxera hiru puntuak lortzen saiatzera goaz. Sailkapenak garbi erakusten du edozein estropezu garesti ordaintzen dela, beraz, gure esku dagoen guztia egingo dugu hiru puntu garrantzitsu horiek lortzeko. Egiten ari garen lan guztia denon arteko anbizio bilakatu behar du eta jokalariak garbi dute”.

Partida 18:00etan izango da Ibiko Ruben Plaza eraikinean. Ibarrako espedizioa ostiralean 10:00etan aterako da Belabietatik Ibira 19:00ak aldera iristeko. Ibartarrak ostiralean bertan entrenatuko dute norgehiagoka jokatuko duten eraikinean bertan, Alacanteko klubak horretarako utzi ostean.

Betiko moduan norgehiagoka klubeko Twitterretik jarraitu ahal izango duzue @LAUBURUKEIBARRA

Ez ahaztu, LARUNBATA, ABENDUAREN 8a, 18:00etan

#AukeratuMOREeginLAUBURU #GoazenLauburuKEIbarra

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!