Talde more bizi batekin hasi zen norgehiagoka, bigarren minuturako hiru gol aukera izan zituztelarik. Bisitariek, asko landu gabeko joko zuzen batekin bertako taldea ustekabean harrapatu nahian zebiltzan. Hamargarren minutuan aurreratu ziren bisitariak korner bat ateratzean egindako estrategia ekintza batekin. Bost minutu beranduago 0-2koa egin zuen area hertzetik ateratako falta batean. Gol honen ostean tekniko moreak hutsartea eskatu zuen eta berriro hasi orduko 1-2koa egitea lortu zuten bertakoek Iker Zubeltzuren eskutik, ekintza kolektibo batean. Ibartarrak partiduan sartu ziren berriro eta bi taldeak bosna faltarekin zeudela, Aimar Zubillagak seigarrena eragin zuen, ondorioz penalti bikoitza botatzeko aukera izan zuten. Ion Ander Cuadrado izan zen penaltia bota eta binako berdinketa jarri zuena markagailuan. Lehenengo zatia halaxe amaitu zen.
Bigarren zatiaren hasiera more kolorekoa izan zen; zazpigarren minuturako, Martin Ibarbiak sartutako bi golekin eta Asier Izagirrek sartutako beste batekin 5-2ko emaitzarekin jarri ziren markagailuan. Ibarrako taldeak minutu onak burutu zituen eta abantaila handitzeko aukera ere izan zuen, baina azken metroetan ez zuten asmatzen. Zazpi minutu falta zirela Asturiasko taldea bostekoarekin atera zen eta bost minutu faltan tartea txikitzea lortu zuen konbinatutako ekintza batean. Bostekoarekin jarraitu zuten, baina minutu bakarrean Ibarrakoek bi baloi ostu eta Ion Ander Cuadrado eta Alvaro Alonsok gol bana sartu zituzten; Amaierarako bi minutu besterik falta ez zirenean norgehiagoka erabakita utzi zuten. Bisitariek beren laugarren gola sartzea lortu zuten minutu batera eta emaitza horrekin amaituko zela ematen zuenean, ibartarrak beste bi gehiago sartu zituzten, Alvaro Alonsok lehenengoa eta Javi Ayerbe atezainak bigarrena, biak ate hutsera botata.
Norgehiagokaren amaieran entrenatzaileak honela zioen: “Lehenengo eta behin, mutilak zoriondu nahi ditut lortutako garaipenagatik. Konfiantza ematen digu honek datozen partiduei aurre egiteko eta inflexio puntua izan daiteke. Partidaren hasiera ona izan dugu, baina minutuak aurrera Joan ahala, aurkariaren jokoan erori gara eta konturatzerako 0-2an ginen. 1-2koak konfiantza eman digu eta binako berdinketak indartu egin gaitu. Bigarren denboraren hasiera ere ona izan da eta bertan markatu ditugu desberdintasunak norgehiagoka irabazi ahal izateko”.