Zubi-lanak

Erabiltzailearen aurpegia Ane Artutxa 2018ko aza. 8a, 12:37

Jai egun usaineko ostirala, baina zubirik gabeko asteburua Lauburuko Gloria Zaharrentzat. Partida aurretik derrigorrezko geldialdia plazako tabernan eta taldeko lehen urduritasunak sumatzeko momentua.

Aldageletarako bidean berriz, lehenengo «oztopoa», aurkaria gure ohiko aldagelan, beraz, gu bisitarienean. Talde lehiakorra da Eskoriatza, lehiakorra baino zerbait gehiago pentsatuko dute agian, hau irakurtzen duten eskualdeko jokalariek, eta beraz, lehia kantxan nahiz harmailetan irabazi behar izaten da. Horregatik, hortxe genituen zenbait taldekide, lagun nahiz senide bonboaren laguntzaz etengabe animatzen edo taktikak erakusten.

Partida ere jokatu genuen noski, eta beti esaten dugu guretzat ondo pasa eta gustukoen duguna eginez disfrutatzea dela garrantzitsuena, baina irabaziz gero, poza biderkatu egiten da, beraz, harmailetan bildutakoei gure esker ona adieraziz hiru gol sartu eta gure atea hutsean mantendu genuen.

Azken hau posible izateko, hala ere, Amezketako Miraria-ren lana ezin aipatu gabe utzi, bi baloi atera baitzituen atepetik bata bestearen segidan. Beraz, behin partida amaituta eta etxeko lanak ondo egin ondoren, ezin ostirala afaririk gabe bukatu. Elkartean, mahaiaren bueltan, amaiera borobila eman genion garaipenari. Eskerrak eman animatzera hurbildu ziren guztiei eta ez zirenei gogoratu Euskal Jaiaren asteburuari hasiera emateko, berriz, Belabietan elkartuko garela.

Zuen zain egongo gara!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!