Hasieratik argi utzi zuten bi taldeak partida irabaztera zihoazela, baloiaren aurrerapena presio-defentsarekin eragotziz. Lauburu baloiaren jabe denbora luzeagoan izan zen, baina ez zen Tolosakoen atera ondo iristen. Laskorainek berriz, joko zuzena edo trantsizio bizkorrak bilatzen zituen, baina ez zuten moreak kezkatzea lortzen. Hirugarren minutuan Andoni Agirrezabalak 0-1ekoa egin zuen 12 metroetatik botatako txute batekin. Alta, irudikeria besterik ez zen izan, Laskorainek oso antzekoak izan ziren bi golekin markagailua iraultzea lortu baitzuen, biak Laubururen baloi irteeran egindako akatsen ostean; Paulek eta Gabarainek Peñaren aurrean barkatu ez zituzten akatsak. Moreak gutxira erreakzionatu zuten, lehenengo Zumetak, bakarkako jokaldi batean langara bota zuenean, eta ondoren Oihan, Tolosar atezainari luzitzeko aukera emanez. Azkenean, Javi Saldisek binako berdinketa ezarri zuen estrategia jokaldi baten ostean kanpoko tiro zuzen bat bertakoen atean sartu zuenean. Honela amaitu zen lehenengo denbora, dena erabakitzeko.
Bigarren zatian, tenperatura igo zen eta bi taldeak aurkariaren atea bilatzen zuten buru-belarri. Okasioak bi aldetan sortu ziren; moreen aldetik, Aitzol, Zumeta eta Antxonek izan zituzten, baina bigarren zatian bertako taldean jokatu zuen atezainak taldea mantentzea lortu zuen bere parte-hartze bikainarekin. Horitxoek ere aurreratzeko aukerak izan zituzten, Eñauten esku bi alditan, eta oraingoan Joseba izan zen 1x1ekoa irabazi zuena. Azkenean, ibartarrak ohikoa duten bosteko jokoa atera zuten eta jokaldi luze baten ondoren, tolosarren defentsa zulatzea lortu eta Javi Saldisek sareetara bota zuen Lauburu 2-3ko emaitzarekin aurreratuz. Azken bi minutuetan defentsa irmoa egitea tokatzen zen, horitxoek bosteko jokoarekin atera baitziren. Moreen defentsa izugarria izan zen, Laskoraini aukera txikienik ere ez zion-eta eskaini, baina bost segundo falta zirela, Lauburuko defentsan izandako zalantza batek Laskoraini berdinketa emateko aukera eskaini zion. Eskerrak Josebari eta defentsari, gola eragotzi zuten-eta. Bozina entzun zenean bertakoek lurrera bota zuten beren burua, desesperazio batean; moreek berriz, poz izugarriarekin jauzika ikusten ziren derbiaren jabe eginda. Publiko andanak txalo zaparrada eskaini zien bi taldeei, honela, brontze kategoria honetan izan den Tolosaldeko lehenengo derbiari amaiera emanez eta eskainitako ikuskizuna eskertuz.
Lantaldea osatzea tokatzen da orain, eta Ibarran izango den hurrengo norgehiagoka prestatzea. Hau ere beste aurkari zail baten kontra izango da, Ciudad de Guadalajara taldea.
#AukeratuMOREeginLAUBURU #GoazenLauburuKEIbarra
XEHETASUNAK
LASKORAIN KE: Koldo, Xabier Juaristi, Eñaut, Gabarain eta Mikel Juaristi.
Partaide gehiago: Beñat, Iker Manso, Zabala, Josu, Paul, Beñat U. eta Alex.
LAUBURU K.E. IBARRA: Peña, Aitzol, Zumeta, Andoni A. (1), eta Beñat Aldalur.
Partaide gehiago: Oihan, Andoni C., Javi Saldise (2) Adri, Dani G., eta Joseba.
TXARTEL HORIAK:Xabier Juaristi (LASKORAIN KE) /A. Agirrezabala (LAUBURU K.E. IBARRA)
GOLAK
0-1 MIN 3 Andoni A.
1-1 MIN 8 Paul
2-1 MIN 12 Gabarain
2-2 MIN 17 Javi Saldise
ATSEDENALDIA
3-2 MIN 38 Javi Saldise
EPAILEAK
Iker De la Hoz Escudero (Euskal Komitea)
Borja Reguera Prieto (Euskal Komitea)
KRONOMETRATZAILEA
Verónica Dos Anjos de Celis (Euskal Komitea)