Berriro galdu du Lauburu Mahalak liga hasi aurretik

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2018ko irailaren 24a

Berriro galdu du Lauburu Mahalak liga hasi aurretik
Berriro galdu du Lauburu Mahalak liga hasi aurretik
Lauburu Mahala Ibarrak 9-0 galdu zuen aurre-denboraldiko azken norgehiagokan San Juan taldearen kontra. Ibartarrak kategoriara egokitzen ari dira oraindik, denbora behar dute eta lan handia, nafarren profileko taldeen kontra lehiatu ahal izateko, ligako titulua lortzeko hautagaiak dira-eta.

Talde nafarra ongi armatutako kolektiboa da, jokalari teknikoez osatua; partidetan presentzia fisikoa lan taktiko on batetik uztartzen dute eta ezaugarri horrek, egun, zaildu egiten die ibartarrei iruindarren kontra jokatzea.

Norgehiagoka 4-0 amaitu zen lehenengo zatian. 17. minutura arte markagailua 1-0ean mantendu zen, eta denbora horretan ibartarrak partida ordenatua burutu zuten defentsari dagokionez. 50 segundo txarretan hiru gol jasan behar izan zituzten eta taldea behera etorri zen.

Bigarren zatian eta morala oso baxu zutela, ahal zuten moduan eutsi zioten zaparradari, markagailua 9-0eko emaitzarekin itxi zelarik.

Neurketaren amaieran entrenatzaileak honela zioen: “Lehenengo 15 minutuak intentsitate onarekin jokatu ditugu, baina minutu batean hiru gol jasan ditugu eta behera etorri gara. Defentsan oinarrizko akatsak egin ditugu, eta kategoria honetan ez dira barkatzen. Emaitzaren gainetik, jokalarien jarrerarekin gustura noa, lan ona egiten ari gara eta ditugun ahuldadeak txikitzen joan behar dugu partidetan gu baino maila handiagoa duten taldeen kontra hobeto lehiatu ahal izateko. Aste honetan hasiko da liga, eta Xotaren kontra jokatuko dugu; oso aurkari zorrotza eta maila handikoa. Hala ere, partiduak jokatu egin behar dira eta mimo handiz prestatuko dugu lehenengo 3 puntuak Belabietan uzteko”.

Klubeko azpiko kategorietan berriz, lehenengo territorialak euskal ligan Eskoriatza KE taldearen kontra jokatu zuen, Gipuzkoako Koparen lehenengo erronda. Partidua 2-2ko emaitzarekin amaitu zen eta penaltietara joan behar izan zuten irabazlea erabakitzeko. Txubelek entrenatutako mutilek kategoria handiagoko talde honen kontra irabaztea lortu zuten penaltietan. Zorionak mutilak!

#GoazenLauburuKEIbarra  #AukeratuMOREeginLAUBURU


 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!