Berdinketa gazi-gozoa lortu du Lauburuk denboraldiko lehen derbian

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2018ko ira. 24a, 10:56

Alfredo Hualderen taldeak 20 segundo faltan berdindu zuten partida, kontrako 4-2ko emaitza irauli ostean.

Kopako sailkapena lortuta aste magikoa izan ondoren, moreek Bizkaira bidaiatu zuten denboraldiko lehen derbia jokatzeko asmoz. Aurrean, igo berria den Otxartabe, kalitatezko jokalariekin indartutako taldea, eta Ibarrakoei gauzak asko zaildu zizkiena, irabazteko aukerak ere izan zituztelarik.

Norgehiagoka bertakoen nagusitasunarekin hasi zen, Josebaren ate morera behin baino gehiagotan iritsiz. Oso trebe ibili zen Joseba iritsiera hauek zapuzteko garaian eta markagailua hutsean mantentzeko. Ibartarrak ez ziren oso eroso ikusten pistan eta honela iritsi zen partidako lehenbiziko gola. Aurkariaren zelaian baloia galdu eta kontra azkar batean, Cristianek ireki zuen markagailua, Joseba ezustean harrapatuz jaurtiketa sendo baten bidez.

Golaren ondoren hasi ziren moreak beren jokoa egiten, beraien zelaian landu eta aurkariaren atera arrisku handiarekin iritsiz. Lehenengo Zumeta eta ondoren Javi izan ziren, atera iritsi baina bigarren mastan asmatu ez zutenak. Bertako taldeak intentsitate handiko defentsa egiten zuen eta horrek bosgarren falta egitera eraman zituen. Atsedenaldiaren aurretik Ibarrak penalti bikoitza botatzeko aukera izan zuen, baina Andoni Carlosenak ez zuen sartzea lortu. Hala ere, ibartarrak erritmoa jarraitzeko gai izan ziren eta norgehiagokaren erdira iristerako, aurkariaren zelaian ostu eta Carlosena berak bota zuen baloia sareetara urrunetik botatako tiro baten bidez. Banako berdinketarekin joan ziren aldageletara.

Bigarren zatian aurreko tonika berak jarraitu zuen hasieran. Ibarrak izan zituen lehenengo aukerak, baina Otxartabe izan zen markagailuan aurreratu zena, kornerreko sake batean egindako jokaldiarekin. Ibarrak orduan defentsa intentsitatea igo zuen baloiaren irteeran presioa egiteko asmoz. Hainbat alditan berdinketa egiteko zorian egon ziren, baina azken metroetako abilezia falta izan zitzaien. Presio irteera horietako batean, Rodriren mutilak baloia atera eta 3 eta 2ko nagusitasun batekin Cristianek 3-1ekoa markatu zuen jaurtiketa zuzen bat bota eta mastatik sartuz.

Kolpe gogorra izan zen, baina talde moreak heldutasuna erakutsi du beti eta lasaitasuna mantentzen jakin izan zuen, markagailua iraultzeko indarrak ateratzen. Hurbilketa batzuk lortu zituzten, eta 6 minutu faltan, defentsan baloia ostu eta kontra-kolpe baten ostean Beñatek Carlosenari area erdian baloia utzi eta honek taldearen bigarren gola sartu zuen. Hurrengo minutuan ordea, bertakoek ongi egindako trantsizio baten ostean, Andoni Carlosenak baloia alderatu nahian bere ate propioan sartu zuen. 4-2koa zen eta bost minutu bakarrik falta ziren; bosteko jokoaren alde egiteko garaia zen eta Alfredo Hualdek ez zuen zalantzarik izan. Jokaldiak pazientziaz landuz eta aurkariaren defentsa mugituz, moreek aukera asko izan zuten. Honela iritsi zen Ibarraren hirugarren gola, bigarren mastatik sartutako gola, elaborazio bikain baten ostean Javi Saldisek sartu zuena. Golaren ondoren, ibartarrak bosteko jokoarekin jarraitu zuten eta beste aukera gehiago izan zituzten, baina batzuetan atezainagatik, besteetan jokalaria edota zutoinagatik, baloiak ez zuen sareetan amaitu. 20 segundo faltan iritsi zen saria, ekitearen saria: Zumetak Oihanen pase bat aprobetxatu eta estu-estu botatako tiro bat zutoina jo eta oraingoan barruan amaitu zuen.

Markagailuan launa jarri eta honela amaitu zen norgehiagoka. Ibartarrak puntu bat ekarri zuten bueltan, eta horrekin batera sentsazio gazi-gozoa, gol aukera asko ezin izan zutelako gauzatu, baina aldi berean okerragoa izan zitekeela ere, jakitun.

Hiru norgehiagoka jokatu diren aste bat amaitu da honela; Errege Koparen aurreko fasea pasatzea eta ligako lau puntu lortu dira. Orain atsedena egitea tokatzen da, lantaldea indarberritu eta hurrengo enbidorako prestatu. Belabietan izango da, larunbatean irailak 29an Tafatrans taldearen kontra.

 

#GoazenLauburuKEIbarra   #AukeratuMOREeginLAUBURU

XEHETASUNAK

 

CD OTXARTABE: Falagan, Yahya (1), Yeray, Jonatan Vela, Cristian (2). Iker, Mustapha, Jorge eta Denisek ere, jokatu zuten.

 

LAUBURU K.E. IBARRA: Joseba, A. Carlosena (2, 1 pp), Oihan (1), J. Saldise (1) eta Aitzol. Beñat, Zumeta (1), Alvaro, Garmen, Dani G., A. Aguirrezabala eta Peñak ere, jokatu zuten.



TXARTEL HORIAK:Javi Saldise eta Alvaro (LAUBURU K.E. IBARRA)/ Yahya y Cristian (CD OTXARTABE)

GOLAK

1-0 MIN 12 Cristian

1-1 MIN 20 Andoni C.

ATSEDENALDIA

2-1 MIN 24 Yahya

3-1 MIN 33 Cristian

3-2 MIN 34 Andoni C.

4-2 MIN 35 Andoni C. (B.A.)

4-3 MIN 37 Javi Saldise

4-4 MIN 40 Zumeta

 

EPAILEAK

Ibon eta Igor García Llanos (Arabako Komitea)

 

KRONOMETRATZAILEA

Laura Martinez Pinedo (Arabako Komitea)

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!