Lauburuk Belabietan emango dio hasiera denboraldi berriari

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2018ko ira. 14a, 12:06

LAUBURU KE IBARRA - BIGMAT FONTECHA JUVENTUD DEL CIRCULO

Larunbatean, hilak 15, Laubururen 2018-2019 denboraldiari hasiera emateko eguna izango da. Lehenengo taldeak Burgosko Juventud del Círculo taldearen kontra jokatuko du Belabietan.

Aurre-denboraldiko lau aste hauetan jokatutako lagunarteko eta burututako entrenamenduen bidez lantalde morea fintzen ibili ostean, iritsi da lehenbiziko jardunaldia. Eta jarraitzaileei areto futbolarik onena eskaintzeko tokirik onenean izango da, Belabietan.

Lehenbiziko neurketa honetan, aurkariari dagokionez, denboraldi berriari begira izan duten berrikuntza nagusia entrenatzailearen aldaketa izan dela esan dezakegu, urtebeteko atsedenaren ostean eta norgehiagoka guztiak harmailetatik ikusiz egon ondoren, Raul Zamora eseriko baita berriro aulkian. Lantaldeari dagokionez, berrikuntzak Juanto Calleja, Albenseren pibot ohia eta Albacetetik datorren Miguel Martinez izango dira. Azpimarratzekoa da Jesus Preciado golegilearen eta Pablo, abilezia handiko hegalaren bajak. Aldaketa hauekin, Burgoskoek brontzezko kategorian jarraitzea bilatuko dute ahalik eta azkarren, iazko kanpainan pasatako estutasunak pasa gabe.

Lauburuk, lantaldean duen baja kopuru altuaren ondorioz, eta partidura ahalik eta freskoen iritsi ahal izateko, entrenamenduen intentsitatea jaitsi du aste honetan. Entrenamendu hauek emankorrak izan dira hiru jubenilen partehartzeari esker: Alvaro, Gurru eta Cuadrado. Larunbateko norgehiagokan, azken ordura arte ez dugu jakingo Oihanek, Danik, Andonik eta Zumetak jolastuko duten. Alexek ere, bajan jarraitzen du; azkar osatzea espero dugu, taldeari laguntzeko. Guzti honengatik, agian ibartar gazte oparoren baten debuta ikusteko aukera izango dugula aurre-ikusten da.

Alfredo Hualde entrenatzaileak honela zioen: “Denboraldi berri eta zirraragarri baten aurrean gaude, eta neure iritzirako, multzoa osatzen duten taldeen maila igo egin denez, astero-astero lehiatu beharko dugun erronka berri bat da guretzat. Larunbatean izango da etxeko lehenbiziko neurketa eta aurre-denboraldian egindako lan guztia praktikan jarri eta jarraitzaile moreei lehenbiziko garaipenaz gozatzeko aukera emateko gogotsu dago taldea”.

Belabieta kiroldegian izango da, larunbatean 18:30ean.

Betiko moduan, Klubeko Twitter bidez jarraitu ahal izango da norgehiagoka. Beste aldetik, klubeko bazkide egiteko kanpainan jarraitzen dugu eta sarrerako leihatilan bertan lehenbiziko bazkide txartelak jasotzeko aukera egoteaz gain, bazkide egiteko orriak ere aurkituko dituzue, honela, proiektu morearekin bat eginez. Iaztik hona abantaila gehiago izango ditugu bazkideok, Ibarrako merkatari elkarteko komertzio eta tabernetan berrikuntza moduan, eta iazkoari jarraituz, Aldaz Hortz-Klinikan ere bai. Hortaz aparte, etxeko partiduetan bazkide guztien artean bi lagunentzako afaria zozketatzen jarraituko dugu, eta larunbat honetan denboraldiko lehenengo zozketako irabazleak Danon Txokoan afaltzeko aukera izango du.

Ez ahaztu: LARUNBATA, IRAILAK 15, 18:30ean

#AukeratuMOREeginLAUBURU #GoazenLauburuKEIbarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!