Lauburu KE Ibarra klubeko lehen taldeak, prestaketa lanetan jarraitzen du eta larunbatean berriro Zierbenaren aurka neurtu zituen indarrak. Aurreko jardunaldian gertatu moduan, norgehiagokak bi zati desberdin izan zituen; lehenbizikoan, Alfredo Hualderen mutilak maila onean jokatu zuten, nahiz eta baja batzuk izan. Bigarren zatian berriz, egindako akatsen ordaina jaso behar izan zuten. 1-4ko azken emaitzak lehiaketaren hasierara gutxieneko bermearekin iristeko taldeari geratzen zaion bidea islatzen du.
Hasieran bi taldeak goian jarri zituzten defentsak. Ibartarrak izan ziren lehen aukerak sortu zituztenak, Danik zutoinera botatako baloi batekin eta lehenbiziko minutuetan egindako hurbilketa arriskutsuekin. Hala eta guztiz ere, bisitariak izan ziren gola sartzen lehenak, Efren atzelariak ustekabean harrapatu eta baloia sareratu zuenean. Jokoak antzeko norabidea mantendu zuen atsedenaldira arte, bi taldeak gola sartu nahi, baina atezainen lanagatik lortu ezin.
Aldageletarako bueltak berriz, ez zion onik egin Ibarrako taldeari, bigarren zatia hasi eta segituan defentsaren doitze faltagatik bi gol jasan behar izan baitzituen. Honek ziurgabetasun minutu batzuk ekarri zituen eta disgustu berri bat izateko zorian egon ziren, baina zorionez, Danik egindako jokaldi bati esker moretxoek lortu zuten berriro partidan sartzea. Baloia ostu eta Kikerekin konektatzea lortu zuen, honek bigarren zutoinera bota eta 1-3koa egiteko. Mario atezainak ongi bideratu zituen etxekoek egindako beste eraso batzuk. Markagailua estutu nahian zebiltzan, baina Zierbena izan zen berriro gola sartu zuena Efrenen bitartez.
Azken minutuetan Lauburu bost jokalariko jokoan murgildu zen, baina besteetan ez bezala, ezin izan zuten asmatu eta sortutako aukerak gauzatu gabe geratu ziren. Ondorioz, markagailuan 1-4ko emaitzarekin amaitu zen norgehiagoka.
Ibarrako lehenengo taldea bihar itzuliko da entrenamenduetara, biharamunean Antiguoko KE talde donostiarraren kontra jokatuko baitu. Talde honek hirugarren mailan jokatzen du eta Intxaurrondoko Inter taldetik sortua da. Liga hasteko hiru aste falta direnean, moretxoak joko puntu onean jartzeko erabakigarria izango da.