Moretxoen taldean, Iñaki Peña, Javi Saldise, Beñat Aldalur, Oihan, Zumeta, Andoni Agirrezabala, Kike Martinez, Dani Garcia eta Alvaro Alonsok jokatu zuten.
Bizkaitarrak nagusi izan ziren partida hasieran, eta horren erakusgarri euren aldera joan ziren lehenbiziko bi golak izan ziren. Ibartarrak dinamika hori iraultzen saiatu ziren eta Daviden ate ingurura gerturatu ziren zenbait alditan, baina Zierbenak hirugarren gola egin zuen hamabigarren minutuan. Markagailu horrekin iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian biziago ibili zen Lauburu, bizkaitarren atea bilatuz, baina ausardia horrek ez zuen ezertarako balio izan. Atsedenalditik bueltan, lau minutura laugarren gola sartu eta markagailuan 4-0ekoa ezarri baitzuten bizkaitarrek.
Hala ere, Alfredo Hualderen mutilek ez zuten etsi; lanean jarraitu zuten eta euren erasoak argiago lotzen hasi ziren; horren lekuko, markagailua mugitzea lortzea zuten. Danik egin zuen ibartarren lehenengo gola hamabigarren minutuan. Oihan atezain-jokalari moduan zebilela eta neurketa amaitzeko bi minutu falta zirela iritsi zen 4-2koa, markagailua itxiko zuen azken emaitza, hain zuzen. Momentuko nagusitasun honek moretxoek partida sentsazio onekin amaitzea eragin zuen.
Norgehiagokaren amaieran, Hualde entrenatzaileak honela zioen: “Denboraldi-aurreko norgehiagoka tipikoa izan da, lehenbiziko zatian nekea sentitzen zen eta egindako akatsek aldageletara 3-0eko emaitzarekin joatea eragin dute. Bigarren zatian sentsazioak aldatu dira, fisikoki lan handiagoa egin dugu, defentsan ere bai, eta harro sentitzeko moduko bi gol sartu ditugu”.
Datorren astean Lauburuk berriro Zierbenaren kontra jokatu beharko du, baina oraingoan Ibarrako Belabieta kiroldegian izango da norgehiagoka. Larunbatean izango da, hilak 25, 12:00etan. Zatoz, gu animatzera!
Bestalde, Aitor Arevalok gidatzen duen jubenilen ohorezko mailako taldeak, abuztuaren 20an hasiko du denboraldi-aurrea. Honela, bi taldeak martxan izango ditugu jada, 2018-2019 denboraldi zirraragarri honi aurre egiteko.