2017-2018 denboraldia amaitu berria bada ere, bulegoko lanak ez dira amaitzen eta datorren ikasturtea prestatzen dihardute klubean. Azken urtean lortutako emaitzak ematen duten ilusioarekin ari da Ibarra datorren urteko lantaldea osatzen.
Lan horren ondorioz, lantaldeko hiru beteranoen jarraipena baieztatu du Lauburuk. Joseba Balderdi, Jon Garmendia eta Aitzol Oiarbide taldean izango dira denboraldi hasieratik. Eskarmentu handiko jokalariak dira, baina jubenilen ilusio berarekin defendatuko dute Ibarrako kamiseta beste urtebetez. Pistako bi jokalariek oso denboraldi erregularra burutu ondoren, ez dute datorren urtean jokatuko den Errege Koparen hitzordu historikoa galdu nahi. Balerdik berriz, atezain moduan duen potentziala eskaintzea ekidin dion lesioz betetako denboraldi zaila kendu nahi du gainetik.
Hauen ondoren, eta denboraldi bikaina burutu ostean, Zuhaitz Garmendia atezainaren eta Andoni Zumeta pibotaren jarraipena ere baieztatzen du Lauburuk. Atezainak sorbaldan duen lesio bat medio, ezin izan du denboraldia modu zirraragarrian itxi. Egun osatzen ari da eta aurredenboraldian, erabat osatuta, Alfredoren aurrean jartzeko moduan izango dela espero da. Bitartean, Zumetak bere esperientzia eta goleatzaile sena ematen jarraituko du Ibarran. Zaleek beste urtebetez gozatu ahal izango dute bi jokalari hauen ekarpenarekin.
Klubaren filosofia jarraituz, eta herriko zein eskualdeko gazteengan eragin nahian, klubak poz handiz jakinarazten du Andoni Agirrezabalak, Beñat Aldalurrek eta Iñaki Peñak beste urtebeterako berritu dutela. Jende gaztea da eta lanerako gogotsu dago, baina aldi berean, 2.B kategorian oinarri sendoa dute guztiek. Berri pozgarria da moretxoentzat, datorren urteei begira, hauek izango baitira taldearen oinarriak. Bi denboraldietan zehar kategorian egokitzen klubaren espektatiba guztiak erraz gainditu ostean, beste denboraldi berri batez gozatu ahal izango dute entrenatzaile nafarraren agindupean.
Alta, guztiek ez dute berrituko. Belabietan areto futbolaz urte batzuetan gozatu ostean Agustin Garmendia eta Xabi Arranz baja izango dira datorren urtean, eta hauekin batera, lehenengo itzulian moretxoen taldea laguntzen ibili zen Iraitz Olasagasti atezaina. Klubak urte hauetan erakutsi duten konpromisoa eskertu nahi die hiruei eta etorkizunean zorterik onena izan dezaten opa.